Hauteskunde orokorrak 2026

EH Bilduk etxebizitza merkatuan esku sartu beharra dagoela uste du

Guaixe

Mikel Zabaleta eta Eneka Maiz. UTZITAKOA

Horrela "etxebizitzak bere funtzio soziala beteko du". 

Etxebizitza eskubidea errealitate bihurtzeko neurrien berri eman du EH Bilduk. Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak esan duenez, "etxebizitza falta da gaur egun Nafarroako herritarren arazo nagusia eta, beraz, gure lehentasun nagusia". Ziurtatu duenez, "benetako bizitegi larrialdi bat bizi dugu, milaka pertsonari, eta bereziki gure gazteriari, beren herri eta hirietan bizi-proiektu bat eraikitzea eragozten diena". Maizek nabarmendu duenez, "ezin dugu onartu berez prekarioak diren soldatak gehiegizko alokairuetara bideratzea ia gehienean, ezta espekulazioa eta negozioa etxe baterako eskubidearen gainetik egotea ere".

Maizek ziurtatu duenez, "irtenbidea da esku hartzea eta merkatua arautzea, etxebizitzak bere funtzio soziala bete dezan. EH Bildun helburu horrekin lan egiten dugu: eremu tentsionatuak izendatzeko eta prezioak topatzeko lege bat lortu dugu, maizterrei eta jabeei egonkortasuna emateko dekretuak bultzatu ditugu, eta familia zaurgarrienak babesteko ezkutu soziala bermatu dugu". Kongresurako hautagaiak aitortu du neurri horiek ez direla nahikoa: "asko dago egiteko eta indar gehiago behar dugu aurrera egiten jarraitzeko".

Mikel Zabaleta parlamentariak azpimarratu duenez, "indar gehiago behar dugu espekulazioa eta etxebizitzaren merkatuko gehiegikeriak geldiarazteko. Gure auzoetan bizitzea eragozten duten iruzurrezko kontratuekin, gehiegizko alokairuekin eta legez kanpoko pisu turistikoekin bukatzeko". Zabaletak gaineratu duenez, "gure herrietan dagoen etxebizitza faltari ere erantzun behar diogu, horrek zaildu egiten baitu gazteria bizitzen geratzea eta despopulazioa larriagotzea eragiten du". Konponbide gisa Nafarroa osoa merkatu eremu tentsionatu izendatzea eskatu du. "Alokairuak arautu eta prezioak jaitsi nahi ditugu lurralde osoan, etxebizitza duina eta eskuragarria izatea bermatzeko. Izan ere, arazo orokorrei erantzun integralak eman behar zaizkie".

Madrilen ere etxebizitza behingoz eskubide bat izan dadin eta negozio izateari utz diezaion lan eginen du EH Bilduk. Zabaletak deitu du "etxebizitza eskubidearen alde azaroaren 29an olatu handi bat altxatzera".