Geroa Baik politika erabilgarria aldarrikatu du, kudeaketa gaitasunean, egitateetan, gobernu egonkorretan eta gehiengo sozialaren ongizatearekin konprometiturik dauden politika publikoetan oinarritzen dena, hori baita ultraeskuinari aurre egiteko formularik hoberena, eta ohartarazi du ez dutela “inolako inboluzio demokratikorik onartuko ez eta emakume eta gizonen arteko berdintasuna, LGTBI kolektiboaren eskubideak, memoria demokratikoa edo gure gizartearen aniztasuna zalantzan jartzen duten diskurtsorik normalizatuko ere”.
Pablo Azcona, Kongresurako Geroa Bairen hautagaiak, eta Unai Hualde, Nafarroako Parlamentuko presidenteak ohartarazi dutenez, ultraeskuinaren aurreratzeak funtsezko eskubide eta askatasunak arriskuan jartzen ari ditu. Horregatik, proposamenetan, kudeaketan eta emaitzetan oinarrituriko alternatiba bat eskaintzearen beharra defendatu dute, Geroa Baik jarduten duen politikarena alegia.
Azconak esan duenez, “eraiki nahi dugun gizarte eredua dugu jokoan, bai eta hainbeste esfortzurekin konkistatu ditugun eskubideak eta askatasunak ere. Ezin gara engainatu: gaur, PP eta VOXen arteko koalizio Gobernu baten arriskua agerikoa da. Eta Gobernu horrek zalantzan jar ditzake berdintasunean, eskubide zibiletan, memoria demokratikoan, ingurumenean eta bizikidetzan emandako aurrerapausoak”.
Geroa Bairen hautagaiak gainera, beharrezkotzat jo du 2023 urteko hauteskundeen ondoren gertatutakoaren autokritika egitea. “Eskuina eta ultraeskuina Gobernura iristea ekiditeko, botoa kontzentratzea eskatu genien herritarrei. Gehiengo alternatibo bat lortu zen, baina hiru urteren ondoren VOXek bere posizioa sendotzen jarraitzen du. Zerk egin du huts?”, galdegin du Azconak, aldi berean gaineratuz ez dela nahikoa “osasun-hesiak jartzea, ez eta boto erabilgarrirako deia egitea”.
Geroa Bairen Kongresurako hautagaiak esan duenez, “ultraeskuinari aurre egiteko modurik hoberena, demokraziak funtzionatzen duela frogatzea da, erakundeen jendearen arazoak konpontzen dituztela eta politika publikoek bizi baldintzak hobetzen dituztela”, nabarmendu du.
Bere aldetik, Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidenteak ultraeskuinaren aurreratzearen ondorioak salatu ditu. “Berdintasunaren alorrean argi ikusten dugu zer ari duten egiten PPk eta VOXek gobernatzen duten erkidegoetan: berdintasun politikak suntsitu, Nafarroan ere bizi genuen moduan Skolae programaren aurka egin zutenean; euskara alorrean jada iragarri dute azken urteetan egondako aurrerapausoak leheneratuko dituztela, gure hizkuntza edo Estatuko beste batzuk Gorte Orokorretan egoteko lortu zen akordioa bertan behera uzteko helburuarekin; edo memoriaren alorrean, Nafarroak eta beste erkidego batzuk ere garatu ditugun aurrerapauso ezberdinak suntsituz, lurralde honetan kunetero eta faxisten biktimak hainbeste urtez ahazturik egon ondoren, haientzako lortutako erreparazio politikak deuseztatzeko”.
Horri guztiari aurre egiteko, Hualdek azpimarratu duenez, “politika erabilgarriak garatzeko eta proposatzeko gai garela frogatu behar dugu. Ultraeskuinaren populismoaren aurrean, kontua ez da paparrean kolpeak ematen aritzea, baizik eta frogatzea politika erabilgarriak proposatzeko gai garela: industrian, memorian, zerbitzu publikoetan, euskararen garapenean… Horrela egiten diogu aurre eta horrela egingo diogu aurre ultraeskuinari Geroa Baitik. Irainik gabe, iskanbilarik gabe, ekintzekin ordea, hausnarketadun lanarekin eta kudeaketa onarekin”, nabarmendu du.
Azkenik, bai Azconak eta bai Hualdek ere demokrazia defendatzearen garrantzia aldarrikatu dute, horretarako abiapuntu moduan erabakitzeko gaitasuna, autogobernua eta Nafarroaren ahots propioa nabarmenduz, estatu mailako alderdi handien estrategien menpekotasunik gabe, Madriletik agindurik edo jarraibiderik jaso gabe eta herritarren interesei bakarrik erantzunez, Geroa Baik egiten duen moduan. “Madrilen ere demokrazia defendatzen dugu, Ongizate Estatua, gure autogobernua, gure hizkuntza eta gure erabakitzeko ahalmena, eta hori guztia neurri zehatzekin gainera”, bukatu du azpimarratzen Hualdek.