Hauteskunde orokorrak 2026

"Nafarroaren autogobernua errespetatzen eta sustatzen egin beharko da indar"

Guaixe

Geroa Baiko hautagaitza. 

Pablo Azcona eta Mayte Espinosa dira Geroa Bairen Kongresurako eta Senaturako hautagaiak. 

Gobernu eratu berriak zein arlotan egin beharko luke indar?
Etxebizitza lortzeko aukerak bermatzen, zerbitzu publikoak eta Ongizate Estatua sendotzen, pertsonen zerbitzura egongo den ekonomia bultzatzen eta Nafarroaren autogobernua errespetatzen eta sustatzen egin beharko da indar. Eta Estatuak gure komunitatearekin dituen konpromisoak bete daitezen eskatu beharko dugu ere.

Etxebizitza eskuragarri bihurtzeko zer neurri hartuko zenituzkete?
Maila guztietan erabakitzen diren neurriak beharko ditugu etxebizitza duin eta lorgarri baten eskuratzea errazteko, gazteei dagokienez bereziki. Nafarroan, gure zerga autonomiak neurri propioak bultzatzea ahalbidetzen digu, hala nola gazteek lehen etxebizitza erosteko zerga kenkaria, akordio fiskalean islatu den moduan. Honek frogatzen du autogobernuak erantzun zehatzak emateko duen erabilgarritasuna. Eta nola ez, etxebizitza parke publikoa eraiki eta bultzatu beharra dago, etxebizitza publikoa eskatzen dutenei erantzuna eman ahal izateko.

Zerbitzu publikoek zer behar dute?
Espainiar Konstituzioan Ongizate Estatua blindatzea premiazkoa da, bai eta 2011 urtean PPk eta PSOEk onartu zuen 135 artikuluaren erreforma leheneratzea ere. Ezin onar ditzakegu atzerapausoak eskubide sozialetan ez eta balore demokratikoetan ere.

Abiadura Handiko Trena, zer egin beharko litzateke?
Estatua premiatzen dugu azterlanetan aurrera egin dezan eta Nafarroa Euskal Yrekin trenbidez lotzeko modua zehaztu dezan, alternatiba guztiak ikertuz, 2018an Foru Gobernuak planteatu zuen Ezkio-Itsasoko hirugarren aukera hori ere barne. Erabakiak irizpide teknikoei eta Nafarroaren beharrei erantzun beharko die, gure pisu demografiko txikiagoak edo kostu ekonomikoak erabaki horretan eragin gabe.

Ekonomia arloan zer neurri aurreikusten dituzue?
Etxeko ekonomiengan eragina duen salneurrien gorakadari heldu beharko zaio: makroekonomiaren datu onek ez dute argindarraren faktura edo supermerkatuko erosketa ordaintzen. Zailtasun hauek arintzeko neurriak eskatzen ditugu eta Estatuko Aurrekontu Orokorrak onartu daitezela, 2023 urtetik luzaturik baitaude. Era berean, Nafarroaren zama industrialarekin bat datozen inbertsioak eskatuko ditugu, zerga autonomia gehiago eta ECOFINen ahotsa eta botoa ere.

Madrilen euskararen alde zer egin daiteke?
Herritarren hizkuntza eskubideak bermatzea eskatzen dugu, euskarak Estatuko Administraritzan duen presentzia areagotzea eta Europako erakundeetan ofizialtasuna aitortzeko aurrerapausoak eman daitezela.

Zerbait gehitu nahi zenuke?
Asko dugu jokoan A29an: nafarron interes orokorren defentsa, Nafarroaren interes orokorraren kanpokoak diren menpekotasun eta estrategiarik gabe. Eta gure Ongizate Estatuaren defentsa erreal eta sendoa lehentasuna da ere eskuinaren eta ultraeskuinaren aurreratzea geldiarazteko. Geroa Bai da Madrilen ahots propioa edukita bi premisa horiek bermatu ditzakeen bakarra.