Gobernu eratu berriak zein arlotan egin beharko luke indar?
Azken legegintzaldietan aurrerapen berri bakoitza sakonagoa izan dadin bulkatu dugu, anbizio handiagokoa eta haratago iritsi zedin. Beraz, bide horri eutsiko diogu legegintzaldi honetan, nafarren bizitza hobetuko duten konkista askoz gehiago lortzeko.
Etxebizitza eskuragarri bihurtzeko zer neurri hartuko zenituzkete?
Politika publikoen garaia dela. Segurtasuna, egonkortasuna eta etxebizitza behar duten pertsona guztiendako sarbide bermeak eskainiko dituzten neurriak hartu behar dira: merkatuan esku hartu, etxebizitzen erabilera arautu, espekulazioarekin amaitu, etxegabetzeak debekatu, prezioak erregulatu eta mugatu eta iraunkorrak eta automatikoki luza daitezkeenen kontratuen bidez segurtasuna eman. Etxebizitzaren funtzio soziala bermatzeko neurriak proposatuko ditugu.
Zerbitzu publikoek zer behar dute?
Herritarren beharrei erantzun behar diete zerbitzu publikoek, nafarrak eta haien bizitzak erdigunean izan behar dituzte. Arreta bereziz landuko ditugu osasuna, eskubide kolektiboak, ongizate komunitarioa, hezkuntza, zaintza eta administrazio publikoa. Gure herriaren eta gizartearen errealitateetara eta beharretara egokitutako politika publiko propioak behar ditugu, horiek Nafarroan erabaki, diseinatu eta garatu ahal izateko. Autogobernu gaitasunak zabaltzeko eta gainditzeko eskumen oso eta tresna berriak hartu eta bilatuko dugu.
Abiadura Handiko Trena, zer egin beharko litzateke?
Trenbide sarea modernizazioaren aldeko apustua egiten dugu, lurraldea egituratuko duen, herriak batuko dituen eta bidaien denbora murriztea soilik bilatuko ez duen eredua bermatuko duena.
Ekonomia arloan zer neurri aurreikusten dituzue?
Prezioen gorakadak familia askoren egunerokoan du eragina. Horregatik, soldatak handitu, lan baldintzak hobetzeko eta Langilearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko konpromisoa hartzen dugu. Energia eta elikagaien sektoreko enpresa handiek kostuen igoera beren gain hartu behar dute. Garapen ekonomikoari lotuta, trantsizio ekosoziala urgentziazko eraldaketa sistemiko gisa ulertzen dugu. Lehentasunez, deskarbonizazioa azkartzea eta kanpoko energia menpekotasuna murriztea bilatuko dugu, tokian tokiko autosufizientzia konektatuaren printzipioa aplikatuz, berezko gaitasunak aprobetxatuz eta lurraldeen arteko kooperazio eta interdependentzia sareak artikulatuz.
Madrilen euskararen alde zer egin daiteke?
Euskarazko arreta eta euskararen erabilera bermatzeko eskaeraz gain, eremu digitalean eta ikus-entzunezkoetan euskara zabaltzeko neurriak sustatuko ditugu eta lanean jarraituko dugu euskararen ofizialtasun osoa lortzeko Nafarroan eta Europar Batasunean.
Zerbait gehitu nahi zenuke?
Bloke erreakzionarioa Espainiako Gobernuan sartzeko aukera dago. Hori ez gertatzeko bermea da EH Bildu. Nafarroan erakutsi dugu posible dela garai ilunak atzean uztea, eta bide horri eusteko hautetsontziak betetzea dagokigu orain.