Hauteskunde orokorrak 2026

"Nafarroako beharrak Madrilera eraman nahi ditugu"

Guaixe

Hautagaitzaren agerraldia. 

Fronte Zabaleko Kongresurako eta Senaturako hautagaiak dira Javier Ibañez eta Ane Sanchez. 

Gobernu eratu berriak zein arlotan egin beharko luke indar?
Etxebizitzak lehentasuna izan behar du, soldatak, pentsioak eta zaintzak hobetzearekin batera. Trantsizio ekologikoari justizia sozialarekin aurre egin behar dio, eta emakumeen berdintasuna eta eskubideak defendatu behar ditu. 

Etxebizitza eskuragarri bihurtzeko zer neurri hartuko zenituzkete?
Etxebizitza eskubide bat da, eta politika publikoek bermatu egin behar dute. Urtean BPGren %1 alokairu eskuragarriko parke publikoa handitzeko erabiltzea proposatzen dugu: 125.000 etxebizitza publiko eraiki eta haien titulartasun publikoa betirako izatea. Sarebeko etxebizitzak parke publikoan sartzea ere bai. Alokairu kontratuei egonkortasuna eman behar zaie eta funtsen eta enpresa handien bidezko erosketa espekulatiboa geldiarazi behar da. Eta bermatu behar da familia kaltebera bakar bat ere ez dela etxegabetuko bizitegi alternatiba duinik gabe.

Zerbitzu publikoek zer behar dute?
Finantzaketa nahikoa, plantilla egonkorrak eta kudeaketa publikoaren aldeko apustu irmoa. Gure ospitaleei, eskolei eta gizarte-zerbitzuei eusten dietenek denbora, bitartekoak eta lan baldintza duinak behar dituzte herritarrak ondo artatzeko. Osasun mentala indartu eta dentistaren, betaurrekoen eta audifonoen estaldura publikoa handitu nahi dugu. Mendetasunerako, etxez etxeko laguntzarako eta 0-3 bitarteko hezkuntza publikorako ere baliabide gehiago behar dira. Eta pribatizazioak irauli.

Abiadura Handiko Trena, zer egin beharko litzateke?
Lehentasunak trenbide publiko, seguru, eskuragarri eta erabilgarri baterantz bideratu behar dira Nafarroa osoarentzat. Horrek sare konbentzionala modernizatzea eskatzen du, maiztasunak eta konexioak hobetzea eta pertsonen zein salgaien garraioari arreta ematea. Lurralde-kohesioak irizpide nagusia izan behar du azpiegiturak erabakitzeko.

Ekonomia arloan zer neurri aurreikusten dituzue?
Lanaldia 37,5 ordura murriztea soldata-galerarik gabe, eta 32 orduetara iristea. Gutxieneko soldata batez besteko soldata garbiaren %60ra iristea bermatzea eta pentsioen erosteko ahalmena babestea. Eskubide sozialak finantzatzeko fiskalitate justuagoa behar da eta iruzur fiskalaren aurkako baliabide gehiago. Banku publiko bat behar da enpresa txiki eta ertainei, autonomoei eta kooperatibei finantzaketa emateko eta industria berdean eta ikerketan inbertitzeko.

Madrilen euskararen alde zer egin daiteke?
Estatuko erakundeek euskara babesten eta sustatzen lagundu behar dute. Gobernuari hizkuntza aniztasuna errespetatzeko eta erakunde eskudunekin lankidetzan aritzeko eskatuko diogu. Euskara babestea gizarte osoaren ondarea zaintzea da.

Zerbait gehitu nahi zenuke?
Nafarroako beharrak Madrilera eraman nahi ditugu eta hemen egindako lanaren berri eman nahi dugu. Hurrengo gobernuak ezkerreko politikak bultza ditzan, Fronte Zabal indartsu bat behar da, proposamenak erabaki bihurtzeko gaitasuna izango duena. Horregatik, Kongresurako Frente Amplio-Fronte Zabalaren aldeko botoa eskatzen dugu, eta Senaturako Senado de Progreso-Aurrera doan Senatuaren aldekoa.