Podemosek salatu du Nafarroan bost adingabetik bat pobrezia-arriskuan dagoela

Guaixe

Virginia Alonso eta Eva Calleja. UTZITAKOA

Alderdi moreak haurtzaro duina bermatzea eskatu du.

Haurren Munduko Egunean, Virginia Alonso eta Eva Callejak aldarrikatu dute haurrek bakean hazteko, etxe seguru bat izateko eta beren garapenerako beharrezkoak diren baldintza materialak edukitzeko duten eskubidea. Alonsok salatu duenez, "Nafarroan bost haurretik bat pobrezia-arriskuan dago, eta lautik bat baino gehiago pobrezia edo gizarte-bazterketa arriskuan dago".

Alonson ohartarazi duenez, "egoera hau baliabide eta aberastasun nahikoa dituen komunitate batean gertatzen ari da, non etxebizitzarako sarbideak familia askoren zailtasun ekonomikoak larriagotzen dituen". Gaztigatu duenez, "alokairuan bizi diren pertsonen %46 pobrezia-arriskuan dago Nafarroan".

Virginia Alonso, Podemoseko Kongresurako hautagaiak, gogorarazi du haurren eskubideak ez direla bermatzen milioika haur eta neraberentdako, bereziki gatazka armatuek kaltetutako lurraldeetan. "Haur askok ez dute bakerik, ez dute etxerik eta gurasoek ez dute lanik", adierazi du Alonsok, Palestinako eta Ukrainako haurren egoerari erreferentzia eginez. "Bakerik ez badago, haurrek ezin dute garatu. Merezi ez duten indarkerian bizi dira", salatu du.

Alonsok arreta jarri du etxe seguru bat izatearen garrantzian eta segurtasun ezak eta prekarietateak haur-garapenean dituzten ondorioetan. "Etxerik gabe, haurtrek ez dute segurtasunik sentitzen. Beldurrez lo egiteak arazo asko eragiten dizkie. Jolasteko gaitasuna galtzen dute eta, haurrek jolasten ez dutenean, arazo larri bat dago", ziurtatu du moreen hautagaiak.

Familien baldintza materialei dagokienez, Alonsok ohartarazi du enplegu eta baliabide faltak zuzenean eragiten diela haurren eskubideei. "Familiek berogailua jarri edo janariaren artean erabaki behar dute. Hori ez da haurtzaroa zaintzea, defendatzea edo babestea".

Pobreziaren jatorriaz
Eva Calleja Senaturako hautagaiak nabarmendu duenez, "haur-pobrezia ez da zoritxar bat. Ez da hori jasaten ari den familiaren errua. Politika batzuen eta sistema kapitalista baten ondorioa da, gutxienekoak falta daitezela eragiten duena", adierazi du Callejak.

Podemoseko hautagaiak desberdintasunaren kausei eragiteko beharra defendatu du, etxebizitza duina eta eskuragarria bermatuko duten politikak bultzatuz, gehiegizko alokairu-prezioak geldiaraziz, familien erosteko ahalmena babestuz eta zerbitzu publikoak indartuz. Alderdi moreko senaturako hautagaiak fiskalitate justu bat ere eskatu du, "aberastasuna birbanatzeko eta elikadura egokia eta bizi-baldintza duinak bermatzeko haurren osotasunerako".

Callejak berretsi du ezin dela haurtzaroaren eskubideez hitz egin haiek gauzatzeko beharrezkoak diren baldintza materialak bermatu gabe, eta bizitza, eskubideak eta gehiengoaren ongizatea erabaki politikoen erdigunean jartzeko eskatu du.