Hauteskunde orokorrak 2026

EH Bilduk Senaturako bozkaren garrantzia azpimarratu du

Guaixe

Floren Aoiz adierazpenak egiten. UTZITAKOA

Floren Aoizen iritziz, “Nafarroan hartzen ditugun erabakiak errespetatuko diren edo ez dugu jokoan”

Floren Aoiz EH Bilduren Senaturako hautagaiak esan duenez, "hauteskunde garrantzitsuak izanen dira azaroaren 29koak, jokoan dagoena eskuinen agenda atzerakoi eta autoritarioa eta agenda aurrerakoia eta demokratikoan sakontzearen arteko hautaketa baita. Olatu erreakzionarioa ala olatu askatzailea". Aoizek azaldu duenez, "eskuinek, UPN-PP-VOXek, konkista sozialak, eskubideak, lan eta bizi baldintzak, elkarbizitza eta autogobernua dituzte jomugan. Nafarrok ditugun erronkei bertatik erantzuteko aukera dago arriskuan, beraz".

EH Bilduren Senaturako hautagaiak azpimarratu nahi duenez, "Senatuan ere jokatzen dugu partida. Senatutik igaroko dira Nafarroan eragina izango duten legeak; erabaki inportanteak hartzen dira ganbera horretan, adibidez, Epaitegi Konstituzionalaren osaketari buruzkoak. Nafarroako etxebizitza legearen aurkako PPren helegitea aintzat hartzea erabaki duen epaitegiari buruzkoak, alegia". Aoizek gaineratu duenez, "eskuinei estatuaren des-demokratizazioaren giltza kentzea dugu jokoan; Nafarroan hartzen ditugun erabakiak errespetatuko diren edo ez dugu jokoan".

Aoizen arabera, "agerikoa da Senatuan ere gehiengo aurrerakoien beharra dugula; eta EH Bildu indartsu bat ezinbestekoa da ekuazioan: zenbakiek ez dutelako ematen bestela. EH Bilduk nafarren hitza eramango du Madrilera, determinazio osoz. Horren bermea gara". Horregatik, "Senatuan era EH Bilduri boza emateko" deia egin du Aoizek. "Erraza da: Papeleta eta gutun laranja hartu; hiru gurutze egin EH Bildu jartzen duen tokian eta hautetsontzira". Aoizek azaldu duenez, "ezkerreko bozak, euskaltzaleak, antifaxistak, feministak eta ekologistak bildu behar ditugu EH Bilduren inguruan, estatuaren motozerra agendaren inplementazioari aurre egin eta jendarte justuago eta askeago baten bidetik jarraitzeko".