Hauteskunde orokorrak 2026

Podemosek berari emandako botoa "benetan boto erabilgarria" dela aldarrikatu du

Guaixe

Eva Calleja, Pablo Fernandez eta Virginia Alonso. UTZITAKOA

"Boto erabilgarria ordezkatzen zaituena da, pentsatzen duzunarekin eta sentitzen duzunarekin bat datorrena".

Pablo Fernandez Podemoseko Antolakuntza idazkaria, Virginia Alonso Aparicio eta Eva Calleja Novales Kongresurako eta Senaturako Nafarroako hautagaiak ekitaldia egin dute gaur. Alonsok Podemosen hautagaitza aldarrikatu du, ezkerreko hautesleen alternatiba gisa, eta bozkatzearen garrantzia defendatu du. "Bost eguneko kanpaina geratzen da. Bost egun Podemos aukera fidagarria dela azaltzeko, aukera erabilgarria da Nafarroan, ezkerreko jendeak bihotzez bozkatu nahi duelako, bere usteen alde bozkatu nahi duelako, ez duelako sudurra estalita bozkatu nahi", adierazi du.

Nafarroako ezker independentistaren hauteskunde itxaropenak ere zalantzan jarri ditu Alonsok. "Ezker independentistak ez du bigarren hautagaia aterako; horregatik, garrantzitsua da jendeak Podemosi botoa ematea, esaten duena egiten duen alderdia baita", adierazi du.

Fernandezek, bestalde, "ezker indartsua, Alderdi Sozialistako ezker autonomoa, ezker ausarta eta esaten duena betetzen ausartuko den ezkerra" izateko beharra defendatu du. Antolakuntza idazkariak azpimarratu du koherentzia politikoa dela Podemosen argudio nagusietako bat: "Podemos Estatu osoko alderdi politiko aurreikusgarriena da, mundu guztiak baitaki guk esaten duguna egingo dugula".

PSOEren boto erabilgarrirako deien aurrean, Fernandezek definizio desberdina eman du: "Boto erabilgarria ordezkatzen zaituen botoa da, pentsatzen duzunarekin eta sentitzen duzunarekin bat datorren botoa". Ildo horretan, eskubide eta eraldaketa sozial gehiago eskatzeko herritarren mobilizazioak gogorarazi ditu.

Bakea, etxea eta lana
Bere hitzaldian, Fernandezek Podemosen kanpainaren hiru ardatzak garatu ditu: Bakea, etxea eta lana. Eta jarduneko Gobernuaren aurrekontu-lehentasunak gaitzetsi ditu, azken lau urteetan 20.000 milioi euro inguru bideratu baititu armagintzara, hezkuntza, osasuna eta zerbitzu publikoak indartu beharrean.

Etxebizitzaren arloan, espekulazioan zuzenean eragiten duten neurriak hartu behar direla defendatu du Fernandezek. "Etxebizitzaren arazoaren sustraiari espekulazioa deitzen zaio", adierazi du. Eta moreen proposamenak zerrendatu ditu: alokairuen prezioa legez %40 murriztea, bizitzeko ez den etxebizitzaren erosketa debekatzea, funts putreen esku dauden higiezinetan esku hartzea eta etxebizitza hutsen gaineko fiskalitatea handitzea. Babes ofizialeko etxebizitzen funtzio soziala berreskuratzeko Podemosek Nafarroan egindako ekimen bat ere aipatu du Fernandezek, etxebizitza eskubidea bermatzeko beharrezkotzat jotzen dituen neurrien adibide gisa. 

Lan-esparruan, lanaldia astean 30 ordura murriztea eta lanbide arteko gutxieneko soldata 1.800 eurora igotzea defendatu du Podemoseko Antolakuntza idazkariak. Gainera, pentsioen sistema publikoa blindatzea eta KPIren arabera eguneratzea eskatu du.