Erregional mailako bi talde sakandarrek txanponaren bi aldeetan segitzen dute.
Hamargarren jardunaldian Lagun Arteak Baztan B izan zuen aurkari Elizondoko Giltxaurdin. Gauzak oso ongi hasi ziren lakuntzarrendako, lehen zatian 0-2 aurreratu baitziren Amets Satrustegik sartutako bi golei esker. Bigarren zatian Baztan 1-2 gerturatu zen, baina Gorka Egurzak Lagunen hirugarrena sartu suen (1-3). Une horretan baztandarrak suspertu eta hiruna berdintzea lortu zuten (3-3), eta partidako azken uneak zoroak eta emozio handikoak izan ziren. Gorka Egurzak 87. minutuan gola sartu eta 3-4koa ezarri zuen markagailuan, baina luzapenean beste bi gol izan ziren. Gorka Egurzak berak 3-5ekoa lortu zuen, eta Baztanek 96. minutuan sartutako golak markagailua erabaki zuen. 4-5, hiru puntuak Lakuntzara joan ziren.
Altsasu B taldeak, bestalde, San Jorge B hartu zuen Dantzalekun. Bi taldeek lehia bizi izan zuten eta nor baino nor aritu ziren. 27. minutuan San Jorge B 0-1 aurreratu zen, eta berdinketaren bila aritu ziren altsasuarrak. Tamalez, lehen zatiko luzapenean bigarren gola sartu zuen (0-2) eta hori kolpe handia izan zen altsasuarrendako. Bigarren zatian buelta ematera atera ziren gorritxoak, baina 67. minutuan San Jorge B-k hirugarrena sartu eta partida erabakita utzi zuen (0-3).
Alde Zaharreko Klubak jarraitzen du erregional mailako bosgarren multzoko lider (24 puntu). Lagun Artea hirugarren postura igo da (19 puntu) eta Altsasu B hamalaugarren da (3 puntu). Datorren jardunaldian Lagun Arteak sailkapenean laugarren eta arerio zuzena den Berriozar hartuko du azaroaren 28an Zelai Berrin (16:00). Altsasu B-k, aldiz, sailkapenean bederatzigarren den Rotxapea B du aurkari egun berean El Iratin (15:30).