Asteburuan preferente mailako hamargarren jardunaldia jokatu zen. Altsasuk Gares B taldea hartu zuen Dantzalekun garaipenaren bidean segitu eta lidergoari eusteko helburuarekin, eta nahia bete zuen. Lehen zatian bi taldeek lehia handia izan zuten; atsedenaldia baino lehen Unai Calvok Altsasu aurreratu zuen (1-0) eta gorritxoak pozik joan ziren aldageletara. Bigarren zatian partidak estu segitu zuen, eta 75. minutuan Jon Lopez de Goikoetxeak sartutako golak Altsasuri lasaitasuna eman zion (2-0). 78. minutuan Gares B 2-1 hurbildu zen, baina Altsasuk ongi eutsi zion, eta markagailua ez zen mugitu. 2-1, Altsasuk lider segitzen du.
Aldiz, Etxarri Aranatzek Zizurren jokatu zuen Ardoi B-ren kontra eta saririk gabe itzuli zen bertatik. Partida hasi eta 5. minutura Zizurkoak aurreratu ziren (1-0) eta berehala bigarrena sartu zuten (2-0). Etxarri Aranatz partidari buelta ematen saiatu zen, baina ezinezkoa izan zitzaion. 2-0 galduta itzuli ziren etxarriarrak.
Atzera ere, lidergoa jokoan
Preferente mailako lider Altsasu da (23 puntu), Subiza Cendea de Galar B segika duela (20 puntu) eta Etxarri Aranatz bederatzigarren postuan dago (12 puntu). Hamaikagarren jardunaldian, hain zuzen ere Altsasuk Subiza Cendea de Galar du aurkari Subizako Sotorburun (15:30) azaroaren 28an. Lehen postua dago jokoan. Egun berean Etxarri Aranatzek sailkapenean hamabosgarren den Beti Casedano hartuko du San Donaton (15:45).