Dorraok hartu du Lurretik Platerera ekimenaren akabera

Guaixe

Idoia Resano Igoak kontseilariaren eskutik aitortza jaso zuen. NAFARROAKO GOBERNUA

Landa Garapenerako Departamentuak, Reyno Gourmetek eta ANAPEHk bulkatutako ekimenak ekoizpenaren eta gastronomiaren arteko lankidetza sustatzen du, Nafarroako nekazaritzako elikagaien balio katea indartzeko. 

Dorraoko Itur-aldea elkarteak Lurretik Platerera proiektuaren bigarren edizioaren akabera ekitaldia hartu zuen astelehenean, azaroak 23. Han elkartu ziren ekoizle, ostalaritza eta proiektuan inplikatutako erakundeetako ordezkariak. Ekitaldian edizio honetako esperientziak aurkeztu zituzten eta Nafarroako produktuetatik sortutako elaborazioak dastatzeko aukera izan zuten proiektuko parte hartzaileek eta dorrobarrek.


Olatzeako Valen Ormazabal dastaketarako prestatutakoekin. NAFARROAKO GOBERNUA

Proiektuaren helburua da bi sektoreetako profesionalen arteko elkar ezagutza sustatzea, proposamen gastronomikoetan bertako elikagaiak erabiltzea bultzatzea, eta merkataritza-harreman iraunkorrak sortzea, Nafarroako nekazaritzako elikagaien balio-katea sendotzeko. Bigarren edizioan hamabi jatetxe eta hamabost tokiko ekoizlek parte hartu dute. Haien artean daude Arbizuko Olatzea jatetxea eta Idoia Resano pottoka ekoizle dorrobarra. Olatzean Hazialdeko kooperatibako produktuekin garbantzu eta onddozko hummusa egin zuten. Bestetik, Dorraoko pottoka haragiarekin Iruñeko Geltok tartarra egin zuten.


Aitortza jaso zutenen talde argazkia. NAFARROAKO GOBERNUA

Ondorioak 
Bigarren edizioak harrera ona izan duela establezimendu parte-hartzaileen artean. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilari Jose Mari Aierdi Fernandez de Barrenak elikagaiak ekoizten dituztenen eta elikagaiak eraldatzen eta kontsumitzaileengana hurbiltzen dituztenen arteko harreman zuzena bulkatzen duten ekimenen garrantzia azpimarratu zuen. Nabarmendu zuenez, "Lurretik platerera produktuak kalitatea eta nortasuna izateaz aparte, negozio, berrikuntza eta bereizketa aukerak eskaintzen ditu Nafarroako ostalaritzarendako". Aierdik adierazi zuenez, "ekoizleek eta sukaldariek elkarrekin lan egiten dutenean, hobeto ezagutzen dituzte beren beharrak eta aukerak, eta bi aldeei mesede egiten dieten merkataritza harremanak eraiki ditzakete".

Aierdik gaineratu zuenez, "lehen sektorearen eta gastronomiaren arteko lotura indartzea Nafarroan balio erantsia sortzeko, lurraldeko ekoizleei laguntzeko eta jarduera ekonomikoak herrietan iraun dezan laguntzeko modu bat da". Kontseilariaren ustez, "hurbiltasuna jasangarritasunaren aldeko apustu gisa ez ezik, ostalaritzaren eta elikagaien ekoizlearen garapen ekonomikorako aukera gisa ere ulertu behar da".

Bestalde, ANAPEHko idazkari nagusiak, Beatriz Huartek, parte hartu duten pertsona guztien konpromisoa eta harrera goraipatu zituen: "Oso pozik gaude akabera ekitaldia Dorraon egin dugulako, eta bereziki eskertu nahi dugu herriak gu hartzeko izan duen prestasuna eta abegikortasuna, bai eta edizio hau posible egin duten ekoizleen eta ostalarien lan eta ahalegin handia ere; konpromiso hori sukaldeak honaino eraman dituzten zortzi sukaldariengan ere islatzen da, horietako batzuk kilometro asko eginez Tutera edo Arguedas bezalako herrietatik proiektuaren parte izateko", adierazi zuen.

Huartek gaineratu zuenez, "aurtengo edizioko hamabi jatetxeetatik zortzik eta lau ekoizlek parte hartu zuten lehen edizioan. Datu horrek agerian uzten du ostalaritzak proiektuarekiko konpromisoarekin jarraitzen duela eta tokiko produktuak bere proposamenetan txertatzeko interesa duela".