Floren Aoiz EH Bilduko Senaturako Nafarroako zerrendaburuak esan duenez, "guk ez dugu atzera egiten, ezta une zailetan ere. Alderantziz, aurrerapausoak ematen ditugu, halakoetan". Azaldu duenez, "oraingoa ez da borroka uzteko unea. Aurrera begiratzeko eta itxaropena piztu eta handitzeko garaia da". EH Bilduko hautagaiak esan zuenez, "Nafarroarekin dugun konpromisoa berretsi nahi dugu gaurkoan: faxisten aurrean, ez dugu etsiko, indar gehiagorekin borrokatzen jarraituko dugu, alta. Autoritarismoa geldiarazteko eta gure eskubide eta askatasunak eta guztion ongizatea defendatzeko. Siglen gainetik, konfiantza eta ausardia eskatzen dizuegu". Aoizek gaineratu duenez, "inork ez du partida hau galdutzat eman behar. Beraz, denok bozkatzera, irribarre batekin, posible delako. Denon artean, posible egingo dugu.
Irati Jimenez parlamentariak, bestalde, azaldu duenez, "oso argi izan behar dugu hauek ez direla edozein hauteskunde. Asko dugu jokoan". Izan ere, "norbaitek uste al du eskuinak etxebizitzaren arazoa konponduko duela? Inork uste al du bankako lagunei gehiago ordainaraziko dietela? Ez dituztela pentsioak pribatizatuko? Benetan fida al gaitezke foruen izenean Nafarroaren defentsa egiteari uzten diotenez? Gure autogobernuarentzat eta euskararentzat arriskutsuak dira. Nafarroa ez da inozoa", ziurtatu du.
Jimenezek esan duenez, "motozerraren aurrean, zintzotasuna, politika ona eta bermea eskaintzen ditugu. Aurpegia ematen dugu eta egia esaten dugu. Faxistak geldiarazi eta eskubide berriak konkistatuko ditugu. Igandean jendeak irabazteko; Nafarroak irabazteko: EH Bildu".