Pilota

Ezkurdia, atzera ere atzelari

Maider Betelu Ganboa

2027ko Binakako Txapelketako pilotarien argazkian kolore gorriaren falta oso nabarmena izan zen. OSKAR GONZALEZ

Ezkurdia Altunarekin osatuko du bikoa bigarren aldiz jarraian Binakako Txapelketan, Zabaletak Elordirekin errepikatuko du eta Martijak Peio Etxeberriarekin.

2027ko Binakako Pilota Txapelketa Bilboko Kutxabank babesle nagusiaren egoitzan aurkeztu zen azaroaren 24an, eta Dario Gomez Buruz Buruko txapeldunak lehen mailan edo A Seriean jokatu ez izanak sortutako zalaparta oraindik ez da isildu. Dario Gomez berak ez zuen erabakia ulertzen, ezta gainontzeko pilotariek ere. Pelota Pro Ligak hartutako erabakia inork gutxi ulertzen du. 

A Serieko bikoteak
A Seriean arituko diren pilotariei dagokionez, Joseba Ezkurdia arbizuarra atzera ere atzelari lanetan jarriko du enpresak, eta bigarren urtez jarraian Jokin Altunarekin osatuko du bikoa. Altuna ez zen aurkezpenean izan, sudurrean ebakuntza egin berri baitiote. Zabaletak Elordirekin errepikatuko du eta Martijak Peio Etxeberriarekin. Asperen azken bikotea Zabalak eta Rezustak osatuko dute. Baikoren bikoteak Artola-Albisu, Jaka-Mariezkurrena II, Larrazabal-Iztueta eta Laso-Landa izango dira. Landa lehenengoz ariko da lehen mailan eta Imaz da beste baja bat. B Seriean ariko da.

Txapelketaren formatua aurreko urteetakoa izango da. Hasierako ligaxkan guztira hamalau jardunaldi jokatuko dira, bi itzulitan. Sailkapeneko lehen bi bikoteak finalerdietara sailkatuko dira zuzenean, eta hirugarren eta seigarren postuen artean sailkatu diren pilotariek play-offak jokatuko dituzte otsailaren 11tik 14ra Arrasaten, Amorebieta-Etxanon eta Bilboko Bizkaian. Otsailaren 20tik martxoaren 7ra finalerdietako ligaxka jokatuko da, eta final handia martxoaren 21ean jokatuko da Iruñean, Nafarroa Arenan. 

B Serieko bikoteak
B Seriean edo promesen mailako Binakako Txapelketan beste zortzi bikote lehiatuko dira. Baikok ez du Joanes Bakaikoa pilotari etxarriarra hautatu, beraz, ez dugu ordezkari sakandarrik. Aspeko bikoteak Dario-Loza, Murua-Eskuza, Rekalde-Gabirondo eta Salaberria-Bikuña dira, eta Baikokoak Amiano-Aranguren, Peña II-Lizeaga, Senar-Esiroz eta Zubizarreta IV-Imaz.

B Serieko txapelketak A Serieko txapelketak bezalako formatua du. Kasu honetan play-offak Tolosan eta Labriten jokatuko dira, finalaurreko ligaxka Legution, Orozkon eta Tolosan, eta final handia martxoaren 13an izango da, Iruñeko Labriten. 

Lehen jardunaldia
Azaroaren 27an Elordi-Zabaletak P.Etxeberria-Martija izango dituzte aurkari Bilboko Deportivon. Azaroaren 28an Artola-Albisuk eta Larrazabal-Iztuetak Lizarran jokatuko dute, eta azaroaren 29an Jaka-Mariezkurrena II.ak eta Laso-Landak Tolosan. Azkenik, azaroaren 30ean Altuna-Ezkurdiak Zabala-Rezusta dituzte aurkari. Altunari ebakuntza egin diote sudurrean, eta ezin badu jokatu Dario Gomezek hartuko luke bere tokia.