Hauteskunde orokorrak 2026

EH Bilduk emakumeen eskubideak, askatasunak eta bizitza duinak aldarrikatu ditu

Guaixe

EH Bilduko Eneka Maiz argibideak ematen. UTZITAKOA

Emakumeak "aske, seguru" eta "erabat bermatutako" eskubideekin bizi ahal izatea aldarrikatu du koalizioak. 

EH Bilduko Senaturako Nafarroako hautagai Paula Garciak esan duenez, gaur "seguru eta gure eskubideak erabat bermatuta bizi ahal izatea bezalako oinarrizko zerbait eskatzen jarraitzen dugu". Aldi berean, gogoan izan ditu "indarkeria matxistak eraildako emakumezko guztiak. Oraindik bide luzea dago egiteko".

Garziak nabarmendu duenez, "ezin dugu normalizatu, ezta onartu ere emakumezkoen sufrimendua zalantzan jartzea. Are gutxiago indar erreakzionarioek borroka feministako hamarkadetan lortutako aurrerapenak atzerarazi nahi dituzten une honetan". EH Bilduko Senaturako hautagaiak "indarkeria matxista ukatu, gure aldarrikapenak isilarazi edo gure eskubideak murriztu nahi dituztenen aurrean, emakumezkook erresistentzia indar bat izaten jarraituko dugu. Historian zehar erakutsi dugu eta berriz ere erakutsiko dugu".

Senaturako hautagaiak aldarrikatu du "beldurrik, indarkeriarik eta diskriminaziorik gabe bizitzeko eskubidea. Bizitza libre, duin eta seguruak nahi ditugu. Eta badakigu eskubide horiek ez direla oparitzen: kolektiboki konkistatzen eta defendatzen dira". Horregatik, gaur kaleak betetzera deitu du. "Eta horregatik ere dei egiten diogu datorren azaroaren 29an milaka eta milaka emakumezkori olatu feminista handi bat altxatzeko atzerakadaren aurrean. Lortutakoa defendatuko duen olatu bat, baina, batez ere, aurrera egiten jarraitzeko aukera emango diguna".

Desberdintasunak
Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak azaldu duenez, "berdintasunaz eta emakumezkoen eskubideez hitz egiten dugunean, ez gara soilik indarkeria matxistari aurre egiteaz ari. Gure bizitzak baldintzatzen jarraitzen duten desberdintasun horiei guztiei buruz ere hitz egiten dugu".

Eta hainbat adibide eman ditu: "enpleguan jasaten dugun diskriminazioa, soldata arrakala, prekarietatea eta, bereziki, emakumeengan eragina duen partzialtasuna". Zainketa lanak ere kontuan izan ditu Maizek: "gehienbat gure gain geratzen baitira, eta erretirora lan bizitza oso baten ondoren pentsio nahikorik gabe iristen diren hainbeste emakumezko daude, askotan ikusezin eta errekonozimendurik gabeak".

Maizen iritziz, "igandean aukera bat dugu horri buelta emateko. Soldata duinak lortuz, soldata arrakalarekin eta lan prekarietatearekin amaituz, alarguntasun pentsio ez kontributibo nahikoak bermatuz eta zaintza eskubide gisa aitortuz. Azken finean, emakume guztiok gure bizitzei buruz erabaki ahal izatea nahi dugu". Izan ere, EH Bilduko hautagaiaren iritziz, "azaroaren 29an emakumezkook asko dugu esateko eta, batez ere, asko erabakitzeko. Behar den indarra dugu eskubideak eraistea eragozteko, baina baita berriak konkistatzeko ere". Bukatzeko, Maizek zehaztu duenez, "feminismoak erakutsi digu antolatzen garenean, elkarrekin borrokatzen garenean, gizartea eraldatzeko gai garela. Horregatik, berriro mobilizatu behar dugu eta gure ahotsa hautestontzietan ere entzunarazi behar dugu".