Arnasetik bideosormen lehiaketaren V. edizioan 34 udalerritako 230 lan aurkeztu dituzte euskararen arnasguneetako 10 eta 16 urte bitarteko gazteek, tartean Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz eta Urdiain udalerrietako ikasleek. Parte-hartzea %12 igo da aurreko urtearekin alderatuta, orduan baino 25 lan gehiago jaso baitira.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA), Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak elkarrekin sustatutako egitasmoa da Arnasetik. Bere helburua da arnasguneetako gazteen hizkuntza ohituren eta herrien inguruko gogoeta piztea. Parte-hartzaileek bi minutuko ikus-entzunezkoak osatu dituzte, adinaren araberako hiru kategoriatan banatuta: LH 5-6, DBH 1-2 eta DBH 3-4.
Gaiak mailaren arabera egokitu dira. LH 5 eta 6ko ikasleek herriko esamoldeei buruzko galdera-erantzunak landu dituzte; DBH 1 eta 2koek arnasgune batera iritsitako ikaskideari egindako ongietorria erakutsi dute musika eta mugimendua erabiliz; eta DBH 3 eta 4koek sare sozialetako hizkuntza-erabilerari buruzko hausnarketa egin dute. Herri bozketak ere erantzun zabala izan du aurtengo aldian. Publikoaren saria erabakitzeko 4.200 bozka baino gehiago jaso dira, aurreko edizioan baino % 15 gehiago.
Sari banaketaren ekitaldia Lekeitioko Ikusgarri zineman egingo da gaur, azaroak 26, 17:30ean. Antolatzaileek sei sari nagusi banatuko dituzte.