Itaiak Indarkeria matxistaren aurka borrokatu lelopean Lakuntzan elkarretaratzea eta Altsasun manifestazioa egin zuen. Itaiak gogorarazi du indarkeria matxistarekin lotutako 10.000 eraso erregistratu direla aurten Euskal Herrian. "Egoera larria da eta guretzat lehentasun politikoa da matxismoa amaitzeko bideorria garatzea", esan zuten Itaiako kideek. Erakundeak eta alderdiak "auzia kudeatu" egiten dutela salatu zuten. Indarkeria matxista pairatu duten emakumeen "babesa antolatzea ezinbestekoa da", ziurtatu zuten. Aldi berean, "ezinbestekoa da, emakume langileon borroka lehen lerroan jartzea".
Faxismoaren "gorakadaz" ere gaztigatu zuten Itaiako kideek: "Emakume langileok jasaten dugun egiturazko zapalkuntza ukatzen dute eta gure zapalkuntzan sakontzeko neurriak proposatzen dituzte. Ez dugu gure aurkako diskurtso eta neurri horiek indartzen utziko, aurrean izango gaituzte!" Ziurtatu zutenez, "oinarrian, gizarte kapitalistaren baitan matxismoak betetzen duen funtsezko papera dago". Indarkeria matxistaren kontra borrokatzen jarraitzera deitu zuten, baita indarkeria matxista eta erasotzaileen inpunitatea normalizatzeko ere. Zeren "matxismoaren aurkako borroka indartzea ezinbesteko eginbeharra da, zapalkuntzarik gabeko gizarte sozialistaren alde egiten dugunondako".