Mugimendu feministak aliantzak egiteko garaia dela adierazi du

Guaixe

Antolatzera deitu du: "askotariko subjektu eta borroken aitortzatik abiatuta ekin behar diogu borrokari, nork bere lekutik eta elkarrekin".

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira, Mugimendu feministak Ez ginen atzera egiteko jaio. Faxismoaren aurrean feminismoa leloa zabaldu zuen Sakana. Arakildarrak Izurdiagako industrialdetik Irurtzunera oinez joan ziren han egin zen bilkuran parte hartzeko. Gainera, kontzentrazioak egin ziren Lakuntzan, Arbizun, Iturmendin eta Urdiainen. Eskualde manifestazioa, berriz, Altsasun. 

Sakanako mugimendu feministako kideek urtea hasi zenetik Euskal Herrian bost emakume hil dituztela gogorarazi zuten. Horretaz aparte, feminismoaren instrumentalizazioren, diskurtso arrazisten eta segurtasunaren izenean polizia gehiago behar den ideiaren kontra egin zuten. Justizia feminista eraikitzen jarraituko zutela aldarrikatu zuten. "Autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu gure borrokarako tresna gisa; erasoen aurrean, eskubideen ukazioaren aurrean, zerbitzu publikoen pribatizazioaren aurrean, gure bizitzekin negozioa egiten dabiltzanen aurrean", esan zuten. Aldi berean, antolatzeko deia egin zuten. Eta iragarri zuten Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak abenduaren 11n herriz-herri egingo duen memoria kolektiboa indartzeko ariketa erraldoia eginen duela.