Toki erakundeek goi tentsioko linearen kontrako errekurtsoa aurkeztu dute

Guaixe

Maria Saez de Albeniz, Alberto Frias eta Mirari Zestau izan ziren bozeramaileak. UTZITAKOA

Proiektuak ukitutako hainbat udal eta kontzejuetako ordezkariek, aldi berean, Nafarroako Gobernuaren "irregulartasunak" salatu dituzte. Autopista Elektrikorik Ez plataformarekin batera eman dituzte azalpenak.

Red Electrica Española enpresak Castejon, Muru Artederreta eta Itsaso lotuko dituen goi tentsioko linea bat egitea aurreikusi du. Dagoeneko administrazio baimena jaso du. Proiektuak ukitutako hainbat udal eta kontzejuk baimen horren kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu diote Energiaren eta Errekerimenduaren Estatu idazkariari. Horretaz aparte, administrazioarekiko auzi-errekurtsoaren Aurretiazko Errekerimendua aurkeztu diote Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesioko kontseilariari.

Linea berriari administrazio baimena ematen dion ebazpenaren deuseztasuna eskatzeaz gain, hura bertan behera uzteko eskatzen dute toki erakundeek, onura publikokotzat deklaratzean desjabetze-prozesuari atea irekitzen baitzaio. Eskaera hori ukatu egin da, dorretxoak instalatzea gerora erraz desmuntatzeko modukoa delako argudio hutsalarekin.

Aurretiazko Errekerimendua Nafarroako Gobernuaren urriaren 14ko Ebazpenaren kontra aurkeztu dute, non proiektua baldintzatzaile batzuekin baimentzen den. Toki erakundeek "harrigarria eta legez kanpokotzat jotzen dugu foru-organoak espedientea izapidetzea. Izan ere, baimena ematen baitio proiektuari Onura Publikoko Mendiekiko bateragarritasuna aztertu gabe, Nafarroako Baso Ondarea Babesteari eta Garatzeari buruzko abenduaren 31ko 13/1990 Foru Legeak agintzen dion bezala".

Lurralde Antolamendu Departamentuaren jarduketa hori "bereziki larria da, kontuan hartzen badugu proiektatutako lineak 27,6 km zeharkatzen dituela, hau da, trazadura osoaren %30". Toki erakundeetako  eta plataformako ordezkariek gaineratu dutenez, "ingurumen Inpaktuaren Adierazpenak berak ez zituen bukatutzat jo trazadura nabarmen aldatzea eragin dezaketen baso-izapideak".

Presazko desjabetzearen mehatxua dela eta, "foru ebazpena bertan behera uzteko eskatu dugu, eta eskaera hori ukatu egin da aurkeztu eta lau egunera, ezohiko azkartasunez eta harrigarriro, argudiatuz linea elektrikoaren interes publikoa gailendu behar dela, Nafarroako onura publikoko mendien baso-aberastasuna interes publikokoa ez balitz bezala". Zehaztu dutenez, "inpugnatzeko beste arrazoi bat da Bakaiku eta Etxarri Aranazko udalerrietan 12 dorretxo jartzeko asmoa, udal-plangintzan aireko goi-tentsioko lineak erabilera debekatutzat jotzen dituzten lurretan".

Toki erakundeetako eta plataformako ordezkariek adierazi dutenez, "Nafarroako Gobernuak bere baimena ematen du foru legeriak ezartzen dizkion nahitaezko tramitazioak bukatu gabe eta indarrean dagoen udal planeamendua errespetatu gabe. Horrela, desjabetzeari atea irekitzen dio, 24/2013 Legeak behartzen duen bezala, oraindik ere bere zehaztapen zehatz eta indibidualizatuaren mende dauden lursailen okupazioari dagokionez, Nafarroako baso-ondarean eragiten diren inpaktu atzeraezinekin". Horregatik, "premiazko bilera" eskatu diote Lurralde Kohesioko kontseilariari.