Emakumezko bat hil zuen haren bikotekide ohiak Bilbon atzo iluntzean. Aurten Euskal Herrian indarkeria matxistak hil duen seigarren emakumezkoa da. Horren berri jakin duenean, EH Bilduk gaurko aurreikusita zituen kanpaina ekitaldi guztiak bertan behera uztea erabaki du, "Bilboko hilketa matxista salatzeko eta dolua adierazteko".
Horregatik, "bertan behera geratu da gaur arratsaldean Iruñeko Labrit pilotalekuan egitekoa zen kanpaina akaberako ekitaldia, baita Hego Euskal Herri osoan zehar ospatzekoak ziren gainerako ekitaldiak ere". Era berean, ezker subiranistak dei egin die bere militantziari eta oinarri sozialari, baita euskal gizarte osoari ere, "mugimendu feministak gaur arratsaldean eta datozen egunetan indarkeria matxistaren kontra deitzen dituen gaitzespen mobilizazioetan parte har dezaten".