Frontoi berri eta ederra Satrustegin

Guaixe 2008ko ira. 2a, 00:00

Abuztuaren 17an, festen ospakizunekin batera, goitik behera berritutako pilotalekua mustu zuten Satrustegin. Frontoiaren berritzea Satrustegiko herriak hartu du osoki bere gain, dohaintza batzuez aparte ez baitu inolako diru-laguntzarik jaso. Herritarrek, auzolan bidez, egitasmoa aurrera atera dute.Giro paregabean eta herritar eta zaletuen aurrean, herriko eta inguruko pilotarien arteko partidak jokatu ziren. Kadeteetan, Juango eta Loidik 22-13 irabazi zieten Abrego eta Jakari, eta afizionatuetan Rekaldek 22-12 hartu zuen menpean Armendariz. Ekitaldi berberan aurten Asperekin debutatu duen Alberto Ongay satrustegiarra omendu zuten, eta otamen ederrarekin despeditu zen jai eguna. Pilota emaitzakIgandean Zarauzko Aritzbataldeko jaialdiko partida nagusian Oscar Lasa etxarriarrak Mikel Goñirekin osatu zuen bikotea, Martinez de Irujo eta Nalda III.aren kontra egiteko. Etxarriarra eta Doneztebekoa 7-16 galtzen zihoazenean partida bertan behera gelditu zen, Mikel Goñik pilota bat hartzera zihoala eroriko larria izan zuelako. Jaialdia ixten zuen partidan, Alberto Ongay satrustegiarrak 22-19 galdu zuen Larralderen kontra. Bestalde, igandean Arabako San Vicente de Aranan jokatutako jaialdian, Capellan II.ari eta Velascori 17-22 irabazi zieten Floresek eta Javi Gomezek. Jon Gorritik atzo izan zuen saioa, Castañaren de Riojan. Camarero II.a aurrelari zuela, Aritz Lasa eta Garmendia izan zituzten aurrez aurre. Uhartearrak eta lagunak 10 tanto baino ezin izan zituzten egin.