Pasa den asteburuan bigarren mailako lau t´erdiko txapelketako final zortzirenak erabaki dira. Alberto Ongay zen partida erabakigarria zuenetariko bat. Satrustegiarra Merino I.aren aurka lehiatu zen joan zen larunbat arratsaldean, Uharte Iruñeko pilotalekuan. Erakustaldi aparta eskaini zuen Satrustegikoak. Hiru tantoko abantailarekin mustu zuen markagailua. Merino 2-3ra gerturatu bazitzaion ere, ia horretan geratu zen bere ahalegina. Sakez (8) nahiz dejadaz (3) tantoak eginez, Ongayk aukerarik gabe utzi zuen arerioa. Kolore bakarreko norgehiagokan, 18-4 gailendu zen satrustegiarra. Debut ezin hobea egin du arakildarrak profesional mailako bere lehen txapelketan. Orain final laurdena izanen du helburu.