Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bi aste barru Leitzako Gorritz eraikuntza enpresa Satrustegiko kontzeju-etxeko teilatua konpontzen hasiko da. Hala aurreratu digu kontzejuko buru den Martin Martinez Aznarezek. Teilatuak konponketa premia larria du, Arakilgo Udaleko arkitektoaren txostenak jaso duenez, ia hondamen egoeran baitago. Egin beharrekoaKontzeju-buruak argitu digunez, lan horrekin batera, kontzeju etxean gela bat prestatuko da kontzejuko bilerak egin ahal izateko; izan ere, orain, Satrustegiko Kontzejua eraikin berean dagoen elkartean biltzen da. Kontzeju gela egokitzearekin batera, komunak ere eginen dira. Baita eraikinerako sarrera berritu ere. Horrela, beheko solairuan dagoen kontzeju-gelarako sarrera egonen da batetik. Bestetik, lehen irakaslearena zen etxerako sarbide berria egokituko dute; gaur egun kontzejuak alokatuta duenarena. EpeaEraikuntza enpresak kontzejuari argitu dionez, ongi joanez gero teilatuko lanak hilabete eta erdian despedituko dituzte. Hura bukatu ondoren pinu laminatuzko egur egitura batek eutsiko dio kontzeju-etxeko teilatuari. Bestalde, gelako lanak aurreratzeko, kontzejuak auzolanen bat deitzeko asmoa du, obra-hondakinak ateratzeko eta abar. Lanak despeditu eta gero, gela berrian kontzejua bilduko da, eta bestelako erabilerak ere izan ditzakeela esan digu Martinek; esaterako, eskulanak egiten dituzten emakumeen taldea biltzeko. AurrekontuaLanek guztira 121.000 euroko aurrekontua dute. Satrustegiko Kontzejuak 70.000 euro jarriko ditu lanak aurrera eraman ahal izateko. Gainerakoa Toki Administrazio Departamentuak eman duen diru-laguntzaren bidez estaliko dute. Laguntza hori teilatuko lanak ordaintzeko eman du Departamentuak.