Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean 400 atleta inguruk hartu zuten parte XXXI. Leitzako Krosean jokatu ziren probetan. Gizonezkoen 10 kilometroko proban 156 kirolari aritu ziren eta Lleidan bizi diren Sabhi eta Slamarani marokoarrak izan ziren jaun eta jabe. Abdelhak Sabhi bakarrik sartu zen helmugara (30:25), atzetik Hicha Slamarani (30:49) eta Abdelfetah Louajari (Ardoi, 31:30) zituela. Sakandarrei dagokienez Juantxo Arregi altsasuarra 29.a izan zen (36:41), Uharte Arakilgo Iñaki Lopez 36.a (37:57), Francisco Cordon irurtzundarra 54.a (39:35), Jose Ramon Asiain ihabartarra 57.a (39:45), Jose Javier Maiza etxarriarra 58.a (39:49), David Duarte altsasuarra 71.a (41:00) eta Jose Maria Galindo lakuntzarra 88.a (43:27). Emakumezkoetan 42 korrikalari aritu ziren eta guztietan azkarrena Lleidako Laila Laoud izan zen (18:18), Ardoiko Maitane Meleroren aurretik (18:36). Nuria Ongai satrustegiarra laugarren tokian sailkatu zen (19:46), primerako lana eginez. Uharte Arakilgo Miren Rabaz 21.a sartu zen (25:07) eta Edurne Razkin etxarriarra 26.a (25:42).