Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Alberto Ongay aurrelari satrustegiarrak txanponaren bi aldeak ikusi ditu asteburuan. Ostiralean sekulako maila eman zuen Lizarraldeko Oteitzan eta partida irabazteko faborito zen Beroizi 22-14 irabazi zion Ongayk. Merezitako garaipena izan zen, hasieratik aurreratu eta gailendu baitzen satrustegiarra, sorpresa emanez eta bolada bikaina zeraman Beroiz guztiz menpean hartuz. Txapelketan aurrera egin zuen Ongayk eta saritzat jo zuen Juan Martinez de Irujoren kontra aritu beharra. "Irujo onena da, eta beraren kontra aritzea saria da niretzat" zioen ilusioz beteta zegoen satrustegiarrak ostiralean, Beroizi irabazi eta gero. Irujoren kontrako partida atzo jokatu zen Zarauzko Aritzbatalden. Eta Iberokoak azaldu moduan nahiz eta lau t´erdia gutxien gustatzen zaion modalitatea izan, ez zuen aparteko arazorik izan Ongay menpean hartzeko. Ongay dena ematera atera zen, erasora, eta lehen txanpan Irujoren erasoei ere ongi eutsi zien, 1-2 aurreratuz. Baina hortik aurrera Juanek tantoak pilatu zituen eta bukaeran 22-7 irabazi zion satrustegiarrari. Partida bukaeran penatuta zegoen Ongay. "Herriko guztiak etorri dira ni ikustera eta nire mailarik onena eskaintzea nahi nuen" adierazi zuen. Hala ere kontentu egon daiteke sakandarra, Irujoren kontra aritu baino lehen Mikel Olazabal eta Mikel Beroiz kanporatu baitzituen, maila ona emanez. Irujok Asegarceko adarreko irabazle Aimar Olaizolaren kontra jokatuko du Sanferminetako lau t´erdiko finala, bihar, Sanfermin egunean, 11:30ean Labriten hasiko den jaialdian.