Biogas planta bat kokatu daiteke

Guaixe 2012ko irailaren 28a

Egitasmoa martxan dago, gorpuzten, baina Arakilgo Udalak ez du oraindik informaziorik eta ez du jarduera martxan jartzeko inolako eskaera ofizialik jaso ere. Jakin dugunez, ibarreko ekimen pribatu batek sustatu du Satrustegiko Errotaburu dermioan jarri nahi den egitasmoa. Arakil ibarreko behitegi eta txerritegi bateko kakak, Lekunberriko edari enpresa bateko eta kontserba-industriako materia organikoa jasoko litzateke planta horretan eta beharrezko prozesuarekin tratatu ondoren biogasa eginen litzateke. Ultzaman bada halako planta bat eta beste bat aurreikusi da Lizarraldean. Sortutako biogasa sarera sartzea inbertsio handiegia eskatuko lukeenez, badirudi Satrustegiko gasa Arakil ibarreko bi enpresetara eramanen lukete. Han elektrizitatea sortzeko motoreak jarriko lituzkete han bertan kontsumitzeko edo sarera saltzeko. Geldituko den materia organikoa soroetarako ongarri gisa erabiliko da. Nafarroako Gobernuan planta eraikitzeko tramiteak egiten ari dira eta hark proposatu dio Sakanako atez ateko sistemaren bidez jasotako materia organikoa tratatzeko konposta egiteko lerro bat egitea ere. Arbizuko hondakindegian konpostatzeko planta egiteko aukerarik ez balego, aukera hori aztertuko luke Mank, konposta erakundeak berak merkaturatzeko aukera galdu gabe. Sustrai Erakuntza fundazioak hasiera batean oniritzia eman dio egitasmoari.