Sareak eta zorua berritzeko eskaera gobernuaren esku

Guaixe 2013ko apirilaren 24a

Arakilgo Udalak Nafarroako Gobernuari premiazko eskaera egin dio Satrustegiko hornidura sareak eta zorua berritzeko. Lan egitasmo hori Tokiko Azpiegituren lau urteko planean erreserban dago eta haiek urgentziaz egiteko eskaera egin du orain udalak. Gobernuko teknikari bat Satrustegin bisitan izan zen, eta orain gobernuaren erantzunaren zain daude kontzejuan eta udalean. Satrustegi ipar mendebaldean babes ofizialeko 14 etxebizitza egiteko egitasmoa bertan behera gelditu zen. Beste sustatzaile batek egitasmoa hartu eta berregin du eta udalari epeka egin litezkeen 10 etxebizitza libre egiteko proposamena luzatu dio. Horregatik, arau aldaketa proposatu dio enpresak udalari. Arkitektoaren txostenaren zain dago udala erabakia hartu aurretik. Azkenik, Satrustegiko Kontzejuaren aurtengo aurrekontua 15.147 eurokoa da.