Alberto Ongay Tere

Guaixe 2008ko ots. 29a, 00:00

Noiz hasi zinen pilotan jolasten? Eta zein frontoitan aritzen zinen?
7 urterekin hasi nintzen, Irurtzungo Biaizpe pilota eskolan. Aitari pilota asko gustatzen zaio eta berak eraman ninduen. Urteak pasa ahala gustua hartu nion eta beti pilotan aritu naiz, klub berean. Bestalde, Satrustegin frontoi pribatu txiki bat dago, 3 edo 4 koadrokoa. Bertan aitarekin ibiltzen nintzen pilotaka.

Txikitatik nabarmendu zara pilotan?
Ez, afizionatuetan izan da hori. 19 urterekin serioago hartu nuen pilota eta gehiago entrenatzen eta gimnasiora joaten hasi nintzen. Biaizpeko nire entrenatzaile Ignacio Martirenak ere asko lagundu zidan. Hiru urte topera ibili naiz eta hortik etorri dira emaitza onak. 2007ko palmaresa izugarria da: GRAVN 2007 txapelduna, 2007ko Munduko Kopako txapelduna eta 2007ko Nafarroako Eskuz Banakako txapelduna.

Horrek errespetua emango du, ez?
Beno... hori afizionatu mailan geratzen da. Profesionaletan orain zerotik hasiko naiz, afizionatuetako palmaresak ez baitu ezer balio.

Asperekin 2 urtetarako sinatu duzu. Zure atzetik al zenituen?
Otsailaren 6an Eibarrera joan nintzen entrenatzera eta bide batez kontratua sinatu nuen. Irurtzungo nire entrenatzailea Aspeko Zuzendari Tekniko Jokin Etxanizekin jarri zen harremanetan, eta eskatu zion denboraldi batean euren entrenamenduetan aritzeko. Azkeneko hiru hilabeteetan astero joan naiz entrenatzera - Aspe astearteetan Labriten entrenatzen da eta asteazkenetan Eibarren - . Bestalde, Asegarce Gasteizen eta Tolosan entrenatzen da eta denboraldi batean ere Tolosan entrenatzen aritu nintzen. Aspekoek serioago hartu dute nire lana eta aukera bat ematea erabaki zuten.

Eta zu pozik?
Izugarri. Azkenean nire ametsa hori zen, profesionaletan debutatzea. Argi neukan: hiru urtez topera lan egin, eta ateratzen bazen ongi eta bestela kitto. Eta atera da. 22 urte dauzkat orain eta 19 urtetatik gogor entrenatzen nago. Orain gorputza egina dago eta profesionaletan hasteko sasoi puntu onena daukat. 

Gaur debutatuko duzu, Irurtzunen. Lasarekin osatuko duzu bikotea eta  Capellan eta Zubieta izanen dituzue arerio. Kontentu zaude Aspek antolatu dizun debutarekin?
Oso. Debutatzeko oso partida polita da, lehenengo mailakoa. Dena den, partida oso zaila izango da.

Nola planifikatu behar duzu?
Zubietak esan zidan bere debutean bera demostratzera atera zela eta partida txarra atera zitzaiola. Horregatik, disfrutatzera ateratzeko gomendioa eman zidan. Eta hala eginen dut, saiatuko naiz behintzat. Irabazi baino partida ona egiten saiatzea da inportanteena, itxura ona ematea. Publikoari begira partida lehiatua izatea nahiko nuke.

Ezagutzen dituzu Lasa eta Zubieta?
Bai, beraiekin entrenamendu bat egin dut. Lasa eskarmentu handiko pilotaria da eta berarekin jarri naute. Gainera, orain irabazteko gogoz izango da. Capellan, ordea, ez dut ezagutzen. Arerio latza izango da.

Zer diote senitartekoek, lagunek eta Satrustegiko bizilagunek?
Etxekoak pozik daude, denak joango dira partida ikustera. Bestalde, Asperekin sinatu arte ez da jakin debutatuko nuenik, eta 40 biztanleko herri txiki batendako sorpresa izan da. Lagunek gertutik jarraitu naute eta denak joango dira partidara.

Kirola eta ikasketak batera nola eramaten dira?
Altsasun Lanbide Heziketan Mantenu ikasketekin ari naiz. Orain arte bi gauzak uztartzeko ongi ibili naiz, afizionatuetan batez ere arratsaldez entrenatzen nintzelako. Baina azkenaldian egun batzuetan huts egiten ari naiz ikasketetan, astearte goizetan Labriten enpresarekin entrenatu behar dudalako. Bestalde, nire kabuz gimnasiora joaten naiz astelehenetan eta asteazkenetan, Orkoienera. Ismael Chafeek han egiten du lan eta berak prestatzen nau. Ostegunean Irurtzungo klubera joaten naiz, pilotan pixka bat aritzera. Eta ostiral askotan ez naiz entrenatzen, partida dudalako. Momentuz bizitza ez zait asko aldatu.

Nolako jokalaria zara?
Txikitan atzelaria nintzen, baina entrenatzaileak aurrean jarri ninduen eta niri ere gehiago gustatzen zitzaidan. Ordutik aurrelaria naiz. Nirea joko alaia da, erasokorra, azkarra. Airez asko gustatzen zait sartzea eta ezkerra arma inportantea dut. Ezkerrarekin min handia egiten dut. Bolea, sakea ere... saltsa guztietan murgiltzea gustatzen zait.

Zeintzuk dira zure idoloak?
Titinena miragarria da. 39 urterekin maila horretan egoteko ez dakit zer egiten duen! Martinez de Irujo ere oso gustuko dut, eta atzelarietan Abel Barriola. Zaletasun handia dauka eta akaso gehien entrenatzen dena izanen da. Hor daude emaitzak.

Zeintzuk dira zure helburuak eta ilusioak profesionaletan?
Lehenik eta behin nire maila ematea eta nerbioek pasada txarrik ez egitea. Odolberokoa naiz, baina azken urteetan hobetu dut. Baina ez dakit ostiralean nola aterako den guztia. Hasi eta gero, ikusi behar nola moldatzen naizen. Ea pixkanaka gora egiten dudan eta ea noraino heltzen naizen. Pilotaz bizitzea oso zaila da, lehenengo onenen artean sartu behar baitzara eta gero suerte handia izan, esaterako lesioekin. Alde horretatik, orain arte lesioek asko errespetatu naute.

Nola ikusten duzu Sakanan pilotak duen osasuna?
Uste dut lehen maila gehiago zegoela. Baina Irurtzungo Biaizpen taldetxo on bat dago. 5 edo 6 pilotari daude igotzeko aukerak dituztenak. Afizionatuetan Irurtzungo kluba hoberenetarikoa izango da Euskal Herri mailan.

 

FITXA TEKNIKOA

• Izena abizenak: Alberto Ongay Tere
• Jaiotza: 1985-12-31
• Jaioterria: Satrustegi
• Pisua: 80 kgr
• Altuera: 1,80 m.
• Jokalari mota: Aurrelaria
• Palmaresa, afizionatuetan:
2007ko GRAVN txapelduna.
2007ko Errege Kopako txapelduna.
2007ko Munduko Kopako txapelduna.
Eskuz banakako Nafarroako txapelduna.
• Enpresa: Aspe.
• Debuta: 2008ko otsailaren 29an, 22:00etan, Irurtzungo pilotalekuan:
Arretxe II. - Eskudero / Berasaluze IX. - Urberuaga
Alberto Ongay-Lasa III. / Capellan - Zubieta
Partida ETB1ek eskainiko du.