Maite dugu aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza

Uharte Arakil, Arruazu eta Urdiaingo udal ordezkariak teknikariekin kanpainaren aurkezpenean.

Immigrazio Zerbitzuaren udako kanpainak mezu horiek zabalduko ditu. Lau balore horiekin festak bertakook eta bertaratzen garen denok gozatzeko deia egin du.

Aste honetatik aurrera piztuko diren festetako etxaju guztietan udaleko kideak kamixeta beltzez jantzita ikusiko ditugu. Haietan maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza leloa irakurriko da. Horretaz aparte, udaletxeetan lelo bera duen pankarta zintzilikatuko da eta hura ere festetako programan agertuko da.

Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko teknikari Bego Zestau Baraibarrek azaldu duenez, kanpainaren bidez “sakandarrak zurrumurru, aurreiritzi eta estereotipoen aurrean duten jarreraz hausnartzera gonbidatu nahi ditugu”. Barrura begiratzen jartzeko gonbitea egin zuen: “barnean sentitzen dugun aniztasuna, berdintasuna, errespetua diskriminazio eza mailaz ohar gaitezen. Behin onartuz gero gure baitan bizikidetza baikor baterako aldaketak egiteko aukera aurki dezagun”. Noizbait etorkin bihur gaitezkeela eta harrera gizartearen zein tratu nahi genukeen hausnartzeko gonbitea egin zuen.

Zestauk berak aitortu du aniztasunaren kudeaketa ez dela erraza eta kanpainako leloko lau helburuak ez direla egun batetik bestera lortzen. “Baina baikortasunak alde zailak kudeatzea laguntzen du. Jai giroan denok alaiago gaude eta garai polita da balore eta balio hauetaz jabetzen, barneratzen eta adierazten hasteko”. Zeregin horretan harrera gizarteak eta etorkinak egitekoa dutela azaldu du Zestauk.

Kanpainako irudia
Maite dut edo ingelesezko I love… lelo ezaguna beretzat hartu eta moldatu du Immigrazio Zerbitzuak. “Erraz identifikatzen zerbait nahi genuen. Gainera, bihotzetik bihotzera joan nahi dugu. Bihotzez jokatzea”, azaldu du Zestauk. Bihotzetik ateratzen direnak sakandar orori eskaintzea proposatzen du kanpainak, “bihotzeko bidetik iritsikobaikara aniztasunaren kudeaketa zuzenera”.

Bihotza gorriaren ondoan, kolore ezberdinez azpimarratuta ageri dira aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza hitzak. Guztia hondo beltz baten gainean. Hitzen erabileraz ere gaztigatu nahi gaitu hondo beltz horrek: “beltza kolorea egoera okerrekin erabiltzen dugu egunerokoan. Horregatik, edertasunaren eta baikortasunaren oinarri gisa aukeratu dugu”.

Immigrazio Zerbitzua
Mank-ek aniztasunaren kudeaketaren aldeko apustua egin zuela 8 urte betetzear dira. “Mundua Sakanan dago; jatorri, erlijio, ohitura, sinismen, hizkuntza, jatorri, egoera juridiko… anitzeko pertsonak berdintasunean bere egin zuen Mank-ek Immigrazio Zerbitzuaren bidez”. Aurretik benetako harrera eta arreta eskainiz Euskara Zerbitzutik eta beste zerbitzuetatik harrera plana eskaintzen zitzaien.

2008tik “ugariak eta anitzak” izan dira zerbitzutik egin diren jarduerak, ekimenak eta proposamenak. “Denak pertsona osotu eta haren duintasuna salbu edukitzera daramatzaten arloak jorratuz: lana, harrera, hizkuntzak, hezkuntza, osasuna, aisia, ohiturak, kultura, parte hartzea, sentsibilizazioa, sinismenak landuz joan gara eta goaz”.

Erlazionatuak

Festetan aniztasunaren alde

Sakana

Sakanako Mankomunitateko Inmigrazio Zerbitzuak udarako kanpaina aurkeztu du gaur. Aurreiritziei, estereotipoei eta zurrumurruei aurre eginez anizta...