ElkarPelota Txapelketa Alberto Ongayrendako

Guaixe 2016ko mai. 23a, 13:38

Senior mailan Unai Lasori 22 eta 15 irabazi zion Satrustegikoak

Igandean jokatu ziren ElkarPelota Txapelketako finalak, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Guztira 7 final jokatu ziren, aurrebenjamin mailatik hasita senior mailaraino. Senior mailan izan genuen ordezkari sakandar bakarra, Alberto Ongay. Satrustegiko pilotari profesional ohia Irurtzun taldean dabil eta Huarte Iruñeko Unai Laso izan zuen aurkari. Partida politan, 22 eta 15 gailendu zen Ongay. “Ez nuen irabaztea espero, baina esperientzia izan dut alde. Nolanahi ere, Lasok etorkizun polita du aurretik” adierazi zuen Satrustegikoak. Lasok ere esperientziak “asko balio duela” nabarmendu zuen. “Ni erotu egiten naiz eta Ongayk oso buru hotza du” gaineratu zuen Lasok.

Juan Martinez de Irujo, Peio Martinez de Eulate, Fernando Eugi eta Patxi Eugi dira ElkarPelota taldeko sortzaileetako batzuk, eta beraiek izan ziren sari banaketa lanetan aritu zirenak. Irujok azaldu zuenez, oso kontentu daude txapelketak izandako erantzunarekin.