Apiriletik agorrila erdialdera arte sareak eta zorua berritzeko lanak izan zituzten egunerokoa satrustegiarrek. Lanak despedituta herritarrek festetan mustu bazituzten ere, haiek mustutzeko ekitaldi ofiziala bihar, 12:00etan izanen da. Ekitaldian Toki Administrazioko Departamentuko Zuzendari Nagusi Xabier Lasa, Arakilgo Udaleko eta Satrustegiko Kontzejuko ordezkariak eta herritarrak izanen dira.
Udaberria eta uda artean egin diren lanek 587.458,87 euroko aurrekontua izan dute. Haietatik 298.785,33 euro Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak ordaindu ditu eta gainontzeko 288.673,54 euroak Arakilgo Udalak. Azken horrek proiektutik kanpo gelditutako zenbait lan egiteko ekarpena handitu zuen: behe tentsioko argindar sareak eta telekomunikazio sareak lurpean sartzea. Arakilgo Udala, pixkanaka, ibarreko herri guztietako sareak eta zoladura berritzen joan da, arakildarrek bizi kalitatea hobetu asmoz. Hurrengo lanak Aizkorben eginen dira, 2019an, hala jaso baita Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegitura Planean.