Bost hilabetez herria zuloz eta lokatzez beteta izan ondoren, Igor Lanzek, kontzeju buruak, herriarendako larunbatekoa egun “handia” zela nabarmendu zuen. Azaldu digunez, “garrantzitsuena lehen zegoen sare bakarra kentzea zen. Euri urak eta ur-beltzak sare bakarrean jasotzen ziren. Orain fundamentuz dago”. Lanak egiteko “urte asko” zain egon direla gogorarazi zuen Lanzek.
Paz Gonzalezek, Arakilgo alkateak azaldu zuenez, “herria oso txukun gelditu da. Esfortzuak merezi izan du”. Gonzalezek nabarmendu zuen udalak egindako ahalegina: “hau legegintzaldiko inbertsio handiena izanen da”. Larunbateko mustutze ekitaldian izan zen Xabier Lasa, Nafarroako Gobernuko Toki Administrazioko Zuzendari Nagusia. Esan zuene, “pozgarria da bulego lanak gero ondorio pozgarriak dituela ikustea: obra bihurtzen da; eta herriaren onerako. Hori da beti helburua, eta pozgarriena”.
Lanzek jakinarazi zuenez, euren hurrengo erronka etxeetako eta argiteria publikoko kableak lurpetik eramatea izanen da. Horretarako, sarea jarria dute, eta diru-laguntza ere badute. Telekomunikazioetarako beste sare bat ere prest dute, zuntz optikoa sartzeko, iristen denerako. Bi sare horiek jartzea Arakilgo Udalak pagatu ditu. Hala ere, berritze lanak guztiz despeditzeko, eliza ondoko zuhaitzen ondoan aska bat egitea falta zaie. Auzolanean eginen dute eta, hala, herrian iturria izanen da. Frontoian beste iturri bat jarriko dute.
Mikorena
Lanzek azaldu digunez, euren asmoa haurrendako jolas-parkea handitzea litzateke. Horretarako, Mikorena etxearen aurreko aldean harresiz itxita dagoen espazioa publiko izatea nahi lukete satrustegiarrek. Eskaera egina diote Nafarroako Gobernuari, etxearen jabeari, baina ezezkoa eman die. Larunbatean eskaera berretsi zioten Lasari. Mikorena etxearekin gobernuak zer eginen duen jakiteko itxaron beharko dela azaldu zigun Lanzek.
Etxebizitzaz galdetuta, Lasak esan zuen, “pena da halako aukerak dituen etxe handi bat hutsik mantentzea. Uste dut mugitu beharko genukeela. Ez bada udalerako, Sakanako etorkizuneko Eskualderako. Komunean egin daitezkeen gauzen artean egon daiteke hor gizarte zerbitzuetarako edo hirugarren adinerako zerbitzu batzuk emateko oso toki aproposa. Etorkizuneko aukera bat da”.
Etxebizitzak
Satrustegiko frontoi ondoan babes ofizialeko 14 etxebizitza egiteko egitasmoa izan zen. Hura bertan behera gelditu zen, eta orain halako hiru etxe eta prezio libreko beste zazpi egiteko egitasmoa bideratzen ari da udala.