Satrustegiko Kontzejuak eta Arakilgo Udalak elkarlanean antolatu dute aurtengo Arakilgo Eguna Itsasperri eta Satrustegi artean ospatuko da hilaren 21ean. Aurtengo berrikuntzetako bat ospakizunaren egunean piztuko den txondorra da. Baina hori egiteko aurretik txondorra egin behar da. Aurretik egindako bi auzolanetan egurra moztu eta txondor-plaza prestatu dute, Igor Lantz Rapun kontzeju buruak azaldu digunez.
Etzi, 10:00etan, txondorra jasotzeko hasiko dira. Herriaren hegoaldean dagoen intxordegian eginen dute. Prozesu guztian Biloriako aditu baten laguntzan izaten ari dira. Eta hala izanen da igandean ere. 10-15 bat satrustegiar aritu dira orain arteko auzolanetan, baina igandean Arakilgo beste herrietakoak batzea espero dute. Helburua txondor bat eta erdi egitea da. “Osoa erretzeko izanen da. Bestea, erdia, mozketa bertikal bat egin baliote bezala geldituko da, txondor bat barrutik nolakoa den ikus dadin”, azaldu digu Lantzek. Langintza guztirako 7 edo 8 tona haritz-egur erabiliko dute. Esan bezala, hilaren 21eko 14:00etan piztuko dute txondorra. Bere martxaren arabera, agorrileko egunen batean desmuntatuko dute txondorra eta aterako dute ikatza.
Bestetik, 12:30ean, haurrendako tailerra izanen da. Txikiek ikatzarekin margotu eta txondor txiki bat egiteko aukera izanen dute.