Aurtengo Arakilgo egunaren erakargarrietako bat Satrustegin dagoen txondorra izanen da. Larunbateko ospakizunean piztuko dute ikatza egiteko “labea”. Baina hori hala izateko auzolan ederrak egin dituzte Satrustegin. Aurreko bietan haritz egurra moztu eta herriko intxordira eraman zuten. Horretaz aparte, txondor-plaza egin zuten ere.
Lana errematatzea falta zitzaien, txondorra egitea, eta larunbatean egin zuten. 08:00etan dozena bat satrustegiar elkartu ziren eta egurra pilatzen hasi ziren. Haiei 10:00etan beste 30 bat arakildar batu zitzaizkien. Bi ordu eta erdi behar izan zituzten forma emateko eta ia bukatzeko. Egurren gainean agotza jarri zuten eta guztia lurrez estali zuten. Biloriatik etorritako Miguel ikazkina izan zen gidari. Egindako lanak otamena merezi zuen eta hala egin zuten 11:30ean. Bigarren txondor bat egin zuten ere. Hura bukatu gabe, irekita utzi zuten, bisitariek txondor bat nolakoa den ezagut dezaten. Txondorra babesteko, satrustegiarrek aterpea egiteko asmoa dute.
Haurrak eta aktorea bisitan
Eguerdian 15 bat haurrek parte hartu zuten haiei zuzendutako tailerrean. Bakoitzak bere txondor txikia egin zuen eta ikatzarekin margotzeko aukera izan zuten. Ederki pasatzeaz aparte, garai bateko ikazkintza zer zen ikasteko aukera aparta izan zuten. Eta ikazkintzari eskainitako larunbatera arakildar berri bat gonbidatu zuten: Patxi Bisquert Manterola aktorea, Montxo Armendariz zuzendariaren esanetara Tasio filmean (1984) Urbasako ikazkinaren papera jokatu zuena. Bisquert bere seme-alabez lagunduta joan zen Satrustegiko txondorra ikustera.
Aurreneko 6 argazkiak: Satrustegiko Kontzejua.