Urriaren 14tik 20ra Pilota Mundialak jokatuko dira Bartzelonan, Vall d´Hebroneko CEM Olímpics egoitzako frontoietan. Espainiako Pilota Federazioko selekzionatzaile Xabier Asiainek Espainiako selekzioan arituko diren pilotariak zeintzuk diren zehaztu du. Guztira 52 pilotari izango dira, horietatik 14 pilotari nafar, 12 gizonezko eta 2 emakumezko. Modalitateei dagokienez, 9 nafar trinketean ariko dira, eta gainontzekoak frontoian, 3 eskuzko modalitatean eta bi larruzko paletan.
Mundialetan ariko diren 14 nafar hauen artean Alberto Ongay dago. Irurtzun klubean aritzen den satrustegiarra frontoi modalitatean ariko da, eskuzko modalitatean.
Bartzelonako Pilota Mundialetan 14 herrialdeetako pilotariak bilduko dira eta 14 txapelketa ofizial jokatuko dira guztira, 160 partidatik gora. Espainiako selekzioak zaila izango du Mundiala irabaztea, Frantzia oso arerio gogorra baita. Horretaz gain, Argentinak eta Mexikok txapeldun handiak dituzte zenbait modalitateetan.