"Eta zure aitonak nola egiten du hau?"

Alfredo Alvaro Igoa 2019ko abe. 20a, 11:11

Pedro Mari Amoztegi Ongairen ilobari lagun batek egindako galdera da. Jakin-minak eragindakoa. Tornuan eta fresagailuarekin lanean aritu ondoren, jubilatuta, satrustegiarrak ez du aspertzeko betarik. Buelta eta saiakera askoren ondoren mugimendu ugariko jaiotza sortu du.

Esan duenez, pazientzia handia behar da, "aterako da, gaur ez bada, bihar". Pentsatzen duena ia azkeneko saiakeran ateratzen omen zaio.

1. Nondik heldu zaizu zaletasuna?
Ideiak bururatzen zitzaizkidan: eta hau egin dezaket? Eta gauzatzen nituen. Aurreneko saiakeran ez. Zerbaitek funtzionatzen zuenerako gau erdia hari bueltaka ematen nuen, eta hurrengo egunean egiten. Jarri-kendu, hobetzen.  

2. Noiz hasi zinen jaiotzak etxean jartzen?
Urtero jartzen genuen. Gainera, goroldioarekin jartzen genuen. Orain goroldioa hartzeak beldurra ematen dit. Diotenez isuna jar dezakete. Horregatik, aurten, aurrenekoz belar artifizialarekin egin dut jaiotza. Goroldioa gehiago gustatzen zait, argien kableak eta beste gehiago tapatzen dituelako.  Goroldioa baratzeko paretan dut, baina ez naiz hartzera ausartzen. Goroldio hori hartzeko baimena non eska dezakedan galdetuko dut. 

3. Eta jaiotzei mugimendua ematea erabaki zenuen?
Aspaldi hasi nintzen. Figura bat… ia. Agian ez dira jaiotzarako egokiak, baina tira. 

4. Zergatik eman zenion mugimendua jaiotzari?
Egin nezakeela pentsatzen nuen, eta probatu egiten nuen. Eta hau egin badut, beste zerbait egin dezaket. Pitteka-pitteka hasi nintzen. Motor bakoitzak mugimendu pertsonaia edo irudi ugari eragiten ditu. Irudi bat jarri. Eta gero bestea, eta bestea… 

5. Zein motor erabiltzen duzu jaiotzan mugimendua sortzeko?
Mikrouhin labeetakoak batzuk, eta oilaskoak erretzekoenak besteak. Niri mantso joan daitezela interesatzen zait. Ordezko piezak saltzen dituzten Iruñeko denda batean eskuratzen ditut.

6. Mekanismo guztiak ez zenituen aldi berean eginen, ezta?
Ez, duela hamar bat urte hasi nintzen. Esaterako, ogia labean sartzen duena. Ogia sartzea, oso erraza. Baina, eta irudiak ogia sartzeko buelta erdi egiten badu? Eta labeko atea itxi eta zabaltzen bada? Gero arratoiak eta katua etorri ziren. 

7. Jaiotzari zenbat motorrek ematen diote mugimendua?
Zazpik. Bat ur-ponpa da, errota eta errekarako. Arrantzalea. “Astronauta” eta beste animaliak ateratzen direna. Forjaria eta baso-mutila (aurten egina). Beste motor bat noriarendako. Okinarendako eta Jesus haurraren sehaskarendako. Mugimenduari garrantzi handia ematen diot. Eta ulertzen duen jendeak ere bai, ezkutuko lan handia dagoela ikusten dutelako.  

8. Belengo estalpea, hiru erregeak… Ez da ezer falta, ezta?
Hala da. Eta jaiotzaren aldamenean arbola dugu. 

9. Mugimendua emateko irudiak landu beharko dituzu, ezta?
Bai. Arrantzalea, esaterako, kanaberarekin zegoen. Besoa moztu, gora eta behera mugimendua egiteko, espeka du mekanismotzat. Ezin izan nuen guztiz egokitu. Forjariaren eta baso-mutilaren kasuan besoa moztu, alderik alde ardatza pasa, irudia goitik behera zulatu nuen soka batek tira diezaion, lepora lotutako gomak goraka tiratzen du. Atzeko mekanismoak palanka bat tiratzen du eta hura pasatzean gomak tiratu egiten du eta horrekin besoak egurra moztu edo burdina jotzeko mugimendua egiten du. 

10. Halako mugimenduak makinatzea asko kostatzen da?
Ez nago egunero, uneoro, horrekin. Ideiak bakarrik heldu dira. Orain talka egiten duten ahari batzuk jarri nahi nituzke. Ez dit betarik eman. Oilo eta oilar batzuk, kulunkaren bat…  Eta dena bakarrik egiten dut. 

11. Mekanismoak ongi estalita dituzu.
Bai. Baina erabiltzen ditudan gomak urtero aldatu behar ditut izorratzen baitira. Horrela mugimendua bermatzen dut. 

12. Bisitan etortzen zaizkizu?
Gutxi. Neska-mutikoak lagunekin. Helduren bat ere pasa da etxetik. Bakarren batek esan zidan ea jaiotza zergatik ez nuen Iruñeko Baluarteko erakusketara eramaten. Bai, zera! Han mugimenduren bat izanen dute, baina ez da honen antzekoa izanen. Baina hura ezin da honekin alderatu. 

13. Jaiotza erakusketak ikustera joaten zara?
Ez. Irurtzungo elizakoa. Nik tokia mugatua dut. Baina, hala ere, segituko dut. Ideien faltan ez nago. Gustura nabil honekin. Bajeran, probak egiten, orduak ematen ditut. 

14. Bestelako zaletasunik baduzu?
Taila ikastaroa egin nuen (hainbat lan ditu etxean). Baratza, egurra… Ni ez naiz aspertzen. Ez zait lanik falta.