Santa Barbara ermitako teilatua hondatuta

Guaixe 2020ko ots. 22a, 13:09
Hego haizeagatik teiladurako teilak, latak eta haberen batek hilerrian bukatu zuten.

Duela hilabeteko haizete batek teiladuraren ekialdeko zatia jaso eta kanposantura bota zuen.

Satrustegiko kanposantuari itsatsia dagoen Santa Barbara ermitako teilatuaren zati bat plastiko urdinez estalia darama azken hilabetea. Hegotik etorritako haizete batek jaso zuen ermitako teilatuko ekialdeko zatia. Teilek, latek eta haberen bat hilerrian bukatu dute. Erretaula euritik babesteko kaltetutako teilatu zatian plastikoa jarri dute. Hura haizeak ez mugitzeko sokaz lotu dute. Soka horiek muturretan teila dituzte. 

Satrustegiarrek teiladura konpontzeko lanak eguraldi ona ziurtatuta dutenerako utzi nahi dituzte. Auzolanean eginen dute. Eta behin hasita teilatu guztiari errepasoa emateko asmoa dute. Ermita behar bezala uzteko teila zaharrak beharko dituzte satrustegiarrek, haizeteak hautsi dituenak ordezkatzeko adina. Bakarren batek halakorik badu eta behar ez baditu Satrustegiko Kontzejuarekin harremanetan jarri daiteke. 

Ermita oinplano angeluzuzeneko eta altuera txikiko eraikin xumea da, horma luzituekin, ertzen eta baoen markoak salbu. Sarrera ate dinteldu xume bat da, alboetan argizulo bat eta leihotxo angeluzuzen bat dituena, eta ondoan ur bedeinkatu ontzi txiki bat, eta haren ondoan ur bedeinkatu ontzi txiki bat dago. Ermita bi isurkiko teilatu xume batez estalita dago.

Atzera begira 
Soriako Igual gotzainak 1797an gotzainak ermita bisitatu zuen, bere kontserbazio egoera eta bertan egiten ari ziren lanak ikuskatzeko. Irudi titularrari erantsitako apaingarriak kentzea agindu zuen, eta Ama Birjinaren irudi txar bat lurperatzea ere, "fardel barregarri bat" zela uste baitzuen. XX. mendean lapurtu egin zuten Santa Barbaren irudia. Irakaslea zen Pedro Mari Amoztegi Ongairen izeba batek erositakoa da gaur egun ermitan dagoena. 

Garai batean satrustegiarrak Santa Barbara ermitara erromerian joaten ziren. Domu santu egunean ere meza izaten zen ermitan. Baina hura galdu da eta gaur egun bisitak hartzen dituena aldameneko kanposantua da. 

XX. mendeko 60ko hamarkadan partzelak biltzeko prozesua egin zen arte, Satrustegi eta Zuhatzu lotzen zituen bidea ermitaren paretik pasatzen zen. Jendea handik pasatzerakoan ermita barrura txanponak, zortzikoak, botatzeko ohitura zuen. Bideak Zuhatzuko kanposantu ondotik herri erdira jotzen zuen.