1 Noiztik ez da autobusik gelditzen markesina parean?
2023ko maiatzaren 4tik, osteguna. Nafarroako Gobernuak NBus kontzesioa eman eta martxan jarri zenetik. Ordura arte autobusa beti gelditzen zen.
2 Zergatik ez da gelditzen?
Garraioen eta Mugikortasun Jasangarriaren Zuzendaritza Nagusitik adierazi dutenez, geltokiak ez du araudia betetzen, eta arriskutsua da. Ez dagoela espaloirik, autobusak ezin duela bertan bueltarik eman. Arakilgo Udalaren eskaerei ere ez diete kasurik egin.
3 Nolakoa beharko luke espazioak autobusak gelditzeko?
Ez dakigu, ez digute esaten zer den beharrezkoa. Garraiokoek hasiera batean esan zidaten geltokia konpontzearen eskumena Herri-lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiarena zela. Baina han esan zidaten eskumena garraiokoena zela. Baina ez batean ez bestean ez didate esan zer den beharrezkoa Satrustegiko geltokiak araudia betetzeko, eta autobusak bertan gelditu ahal izateko. Araudia betez gero autobusa geldituko litzatekeen ere ez dute ziurtatu.
4 Beste ateren batean jo duzue?
Garraiokoek erantzuten ez zutenez, Nafarroako Arartekoarengana jo genuen. Gainontzeko herritarren eskubide bera genuela uste zuen, eta kontzejuaren eta garraiokoen arteko bitartekaritza lana egin zuten. Nik bitartekariarekin hitz egiten nuen eta hark zuzendaritzakoekin. Garraiokoek esaten zidaten gauza bera errepikatu zuen teknikari bat bidali zuten: geltokiak ez zuela araudia betetzen eta ez zela haien eskumena. Betebehar bat betetzen den itxura egiteko ezinbestekoa den gutxienekoa egiteko bidali zuten. Azkenean, gobernuek erabaki zuten bitartekaritza prozesua bukatu zela. Ez zen inolako akordiorik lortu. Horretan eman genuen 2024a.
5 Ondokoetan zergatik gelditzen da?
Lan txiki batzuk egin zituzten garraiokoek. Diru pixka bat zuten eta horretan gastatu zuten. Pentsatzen dut araudia betetzeko izanen zela. Baina ez Satrustegin ez beste herriren batean ez dute ezer egin. Satrustegirako sarrera dauden handienetako bat da, arrasto batzuk beste modu batera margotuta, nik uste dut aukera badagoela. Gobernutik eskaera bidezko garraioa aipatzen dute. Astelehen, asteazken eta larunbatetan bidaia bat da. Irurtzunera eramaten zaitu Iruñerako autobusa hartzeko. Bezperatik deitu behar duzu. Duen ordutegiagatik ez du inork erabiltzen. Eta aitzakia hori jartzen dute. Egunero eta ordutegi guztietan balego zerbitzu hori beste kontu bat litzateke.
6 Autobusik gabe, zein da alternatiba?
Autobusak Zuhatzun eta Hiriberri Arakilen gelditzen dira. Zuhatzura 800 metro daude, zerbait gehiago Hiriberrira. Autobusa hartu nahi baduzu, bi herrietako batera joan behar duzu oinez. Joan oinez euri egun batean bide bazterrik ez duen errepide batetik. Ez dago argirik ez ezer, ez dago inolako segurtasunik. Bestela, norbaitek autoz eraman behar zaitu. Esaterako, badago herriko emakumezko bat zaintzen duen andre bat. Adineko emakumezkoaren semeak Zuhatzura joan behar du andrearen bila eta herrira ekarri. Zeren zaintzaileak ere adin handia du. Eta etxera bueltatu behar duenean, atzera ere, Zuhatzura eraman behar du. Antzeko nabil alabarekin. Beste toki batzuetan taxiek autobuseraino eramaten dute jendea, eta erakundeek ordaintzen dute. Alternatibak badaude. Baina hemen autobusa gelditzearekin nahikoa litzateke.
7 Satrustegiarrek autobusa hartzen duzue?
Ez da inor animatzen.
8 Zenbatetan pasatzen da autobusa?
Astegunetan Iruñerako noranzkoan sei autobus eta Gasteizko noranzkoan bost pasatzen dira. Bertatik pasatzen denez, Burundesarendako Satrustegin autobusak gelditzea ez da kostua.
9 Zer sentipen duzue herrian?
Egoera honek ez duela inolako zentzurik. Garraio jasangarriaz hitz egiten da, baina, azkenean, dena traba da. Herriak bizirik nahi badituzu, zerbitzuak eskaini behar dizkiezu. Horregatik aukeratu dugu lelo hori.
10 Bakarrik egon zineten igandean?
Arakilgo herri guztiak gonbidatu genituen, batzuk etorri ziren.
11 Bitartean, beste erabilerarik eman diozue herriko markesinari?
Ez, hor dago. Gobernuak eraiki zuen Sakanako Autobia (A-10) egin zuenean. Zerbaiterako eraiki zuten, haiek bere funtzioa bueltatu beharko diote.