Astekaria

"Ongi dago horrelako toki estali bat izatea"

Erkuden Ruiz Barroso 2025eko urriaren 14a

Alberto Ongay, ezkerretan, Satrustegiko frontoi berriaren mustutze ekitaldian. UTZITAKOA

Alberto Ongay Satrustegiko pilotariak lehenengo pilotakadak herrian zegoen horma bateko frontoitxo batean eman zituen, aitarekin; herriko frontoia 2008an eraiki zuten. 

Abuztuan estalpearen eta, ondorioz, frontoi berriaren mustutzea egin zuten

1. Noiz hasi zinen pilotan? 
7 urte nituenetik hasi nintzen Irurtzungo Klubean entrenatzen, baita aitarekin herrian ere. 

2. Herriko fronotian entrenatzen zenuen? 
Gaur egun dagoen frontoia ez zen existitzen. Bazegoen frontoi oso txiki bat, herriaren goikaldean, eta hor hasi nintzen. Aitarekin ia egunero joaten nintzen. Frontisera eta gutxi gehiagora jokatu zitekeen, pareta bakarra zuen. Lehenengo obra 2008an egin zen. 

3. Eta bertan entrenatzen hasi zinen? 
Ez; ez da entrenatzeko frontoi bat. Gainera, nik 2008an debutatu nuen. Eguraldi ona egiten zuenean eskuak berotzeko erabiltzen nuen. Orain bezala, estali dute, baina ez da frontoi itxi bat; ez da lehiatzeko erregelamenduzkoa. 

4. Nolakoa izan behar du? 
36 metro izan behar ditu eta kontrakantxak lau metro. Satrustegikoak zazpi koadro ditu eta kontrakatxako lurzorua ez dute zementuzkoa egin; zutabeak bi metro eta erdira daude eta lau edo gehiago metrora egon behar dute. Estali da gehienbat haurrendako euria egiten badu bertan egoteko. Goxuara eta raketekin edo palarekin tenisko pilotarekin jokatzeko ematen du. Eskua entrenatzeko aukera ematen du ere.

5. Bertan jokatu duzu? 
Bai, eskua pixka bat entrenatzeko oso ongi dago, eta lagunekin goxuara jokatzen ere. 


Pilota jaialdian 2025eko festetan. UTZITAKOA

6. Frontoi berria abuztuko festetan mustu zenuten. 
Urtero festetan pilota jaialdi bat egiten dugu, eta aurten berdina egin dugu, baina frontoia mustutzeko baliatu genuen ere. 

7. Zer moduz joan zen? 
Ongi, aurreko urtetan bezala atera zen, partidua nahiko ongi joan zen. Mustutzeko hitz batzuk esan ziren, eta zinta moztu genuen. 


Frontoi berriaren mustutzea. UTZITAKOA

8. Satrustegin pilota afizioa dago? 
Bai. Herri txiki bat da, eta gehienak nagusiak dira. Adineko jendeak afizioa du. Gazteen artean, bakarrik dago bat pilotara joaten dena; Irurtzungo eskolan dago. Nire ilobak ere jokatzen du, Uharte Arakilen bizi da, eta etortzen denean jokatzen dugu. 

9. Beharrezkoa da horrelako frontoi bat izatea? 
Nik uste dut baietz. Udan herri bazkari bat egin genuen bertan eguzkiak jotzen zuelako, eta itzala ematen du. Neguan goiz iluntzen duela eta euria egiten duenean bertan egon daiteke; argia dago, eta jarduera asko egin daitezke bertan. Ni ere joaten naiz serie eta tabata batzuk egitera; aprobetxatzen dut. Festetan eguraldi txarra egiten duenean bertan jar daiteke eszenatokia, baita antzerkiak egin eta abar ere. Edozer gauzarako hor dago. Oso ongi dago horrelako toki estali bat izatea. 


Antzerkia frontoian, 2025eko festetan. UTZITAKOA

10.  Pilota zaletasun gehiago sortuko du? 
Ez dut uste; nik uste hori ez dela aldatuko. Izan daiteke ondoko herrietatik egunen batean goxuara jokatzera etortzea, baina bestela ez dut uste. Gainera, esku pilota jaisten ari da. Futbolak dena jaten du, eta 12 edo 13 urterekin pilota uzten dute eta futbolera joaten dira. Pilotan txikitan hasi behar zara; eskuarekin jokatzen denez, asko entrenatu behar da. Horregatik batzuk uzten dute. Lehen egun osoa pasatzen genuen frontoian, eta eskuak gogortzen ziren, baina orain entrenatzeko bi orduak egoten dira eta nahiko. Behin uzten duzunean, nik adibidez, bi astez jokatu gabe eta nabaritzen dut eskuak bigundu zaizkidala. Edozein kiroletan bezala, gustatzen bazaizu, egin behar duzu. Pilotak ere dauka eskuarekin ari zarela. 

11.  Nola ikusten duzu denboraldia? 
Abenduan 40 urte beteko ditut eta aurten jarraituko dut, eta hurrengo urterako ikusiko dut. Afizionatuen goi mailan lehiatzeko gogor entrenatzea eskatzen du. Orain, Nafarroako Bikote Txapelketan ari gara, urtarrilean Espainiako Kluben Arteko Txapelketa hasiko da eta gero Irurtzungoa.