Astekaria

"Bizitza erdia pilotari izateak noski merezi izan duela; asko ikasi dut"

Maider Betelu Ganboa

Alberto Ongay, familiarekin, satrustegiarrek antolatutako agur omenaldian. UTZITAKOA

Alberto Ongay Satrustegiko aurrelariak agur esan dio pilotari. Asperekin profesional izan zen bost urtez, baina bere ibilbide gehiena Irurtzun klubean egin du, afizionatuetan.

Alberto Ongay Tere pilotariak (1985-12-31, Satrustegi) jaioterrian esan zion agur pilotari, Satrustegiko festetan. Asperekin profesional izan zen 2008tik 2013ra, baina afizionatuen mailan gozatu du gehien pilotarekin. Orain beste kirol batzuekin gozatu nahi du. 

Bizitza erdia frontoietan, aurrelari.
Aitari pilota asko gustatzen zaio. Berak eraman ninduen Irurtzungo Pilota klubera, 7 urte nituela. Astean bi egunetan joaten nintzen, eta gero Satrustegiko orduko frontoi txikian aritzen nintzen. Satrustegi herri txikia izaki, nire kintako bakarra nintzen. Pilota beti poltsikoan izaten nuen, eta frontoian piloteatzera joaten nintzen, sarritan bakarrik. Haur bat bakarrik frontoian aritzea, gaur egun, ia pentsaezina da.

2007. urtea gakoa izan zen. GRAVN Txapelketa irabazi zenuen, Errege Kopa, Munduko Kopa eta Nafarroako Buruz Buruko txapelduna izan zinen. Zure booma izan zen.
Ordura arte kategoria guztietan nahiko ongi jokatzen nuen, baina abendukoa izaki, maila bakoitzean beti txikiena nintzen eta pixka bat atzetik ibiltzen nintzen. 18-19 urte nituela pilotan jokatzeaz aparte, korrika hasi nintzen, 10 kilo galdu, eta gorputza egin nuen. Afizionatuetan ongi hasi nintzen, emaitza onak lortu, eta 2008an Asperekin debutatu nuen.

 

Irurtzunen debutatu zenuen, 2008ko otsailaren 29an, Oscar Lasa bikote zenuela, Capellanen eta Zubietaren kontra (22-17 galdu). Profesionaletara heltzea sekulakoa izango zen zuretako. 
Hori da kanpotik pentsatzen dena. "Gutxienez debutatu zenuen" esaten didate. Baina argi esango dizut: profesionaletako bost urte horiek, pilotari gisa, nolabait itzali ninduten. 

Emandako salto horretan zer aldatu zen gehien?
Debutatu baino lehen, afizionatuetan, oso ongi aritu nintzen. Hasieran batez ere Nafarroan jokatzen nuen, baina emaitza onak zirela eta, Gipuzkoa, Bizkaia eta bestelako torneoetatik deitzen hasi ziren. Eta nabarmentzen hasi nintzen. Torneo asko irabazi nituen. Debutatu aurreko urtea izan zen pilotan zapore onena izan zuena. Soilik pilotan jokatzea nuen buruan; beste guztiak ez zidan axola. Pilotan disfrutatzen nuen. Baina enpresa profesional batean debutatzen duzunetik, kontratu bat dago tartean, eta hortik aurrera pilota zaletasuna izatetik lan moduan ikustera pasatzen da. Aldi berean, enpresa barruan gauza asko ikusten dituzu, gauza onak eta txarrak, batzuek gustuko ez dituzunak, eta horrenbeste gustuko duzuna, pilota, bigarren maila batean geratzen da, alboratuta. Eta pilotaz ez duzu erabat gozatzen. Gainera, gutxiago jokatzen nuen. Afizionatuetako azken urtean ia 90 partida jokatu nituen, eta profesionaletan 40-50 inguru. Enpresak jartzen dizkizu partidak, berak nahi dituenak, eta jaialdi politenak, agian haiek jokatzea merezita, ez dizkizute programatzen, hala nahi badute. Presioa oso handia izaten da. 

"Profesionaletako bost urte horiek, pilotari gisa, nolabait itzali ninduten"

Beraz, ez da dirudien bezain polita. 
Inola ere ez. 

Pilota kirol indibiduala izaki,  halako egoerari buelta ematea gogorragoa izango zen.
Pilota mundu oso txikia da. Maila profesionala bi enpresek kudeatzen dute. Nik debutatu eta berehala krisia hasi zen. Bi enpresek, bakoitzak berera begiratu ordez, horrela konpetentzia pixka bat egongo zelako, pilotariendako mesede, bat egin zuten. Pilotan ez dago gutxieneko soldatarik, futbolean eta beste kirol batzuetan dagoen bezala. Pilotari bakoitzak bere kontratuarengatik borrokatu behar izaten zuen. Agian taldekide batek zuk baino lau aldiz gehiago kobratzen zuen. Pilota mundu itxia da, enpresek dena kontrolatzen zuten eta nahi zutena egiten zuten. Ez genuen ezer egitekorik. 

Egoerak zure jokoan eragina izan al zuen?
Jakina, ez dut inolako zalantzarik. Hasieran bi urtetarako sinatu nuen, eta gero urtero joan nintzen kontratua berritzen. Eta horretarako maila erakutsi behar nuen. Ikusten nuen Binakakoan ez nindutela lagunduko, eta beste txapelketaren batean booma izan behar nuela argi nuen. Zenbait txapelketetan zorte txarra izan nuen. Zenbaitetan, gainera, txapelketa batzuk jokatu behar nituela berandu abisatu zidaten, azken orduan, eta presio gehiagorekin ateratzen nintzen. Urtetik urtera txapelketetan presioa handiagoa zen, eta ez nuen nire %100 ematen, urtean barna ez nuelako gehiegi jokatzen eta erritmo falta nabaritzen nuelako. Lesioren bat izan nuen tartean. Tokietan ondo hastea garrantzitsua izaten da, eta zortea alde izatea, zer esanik ez. Eta ez nuen izan. Gauza bat edo bestea zela, azkenean ez nuen emaitza garrantzitsurik bildu. 

Kontratua berritu ez izana gogorra izan al zen?
Hasieran erabakia onartzea kostatu egin zitzaidan. 27 urterekin pilotara jokatzeko onenean nengoela sentitzen nuen, eta kontratua ez berritzea... Partida gehiago jokatzea behar nuen, erritmoa eta jarraikortasuna lortu eta hobeki jokatzeko, baina ez zen hala suertatu eta ezin izan nuen nirea erakutsi. Mundu horretan interes handiak daude. Bazeuden pilotari batzuk eskuko mina zutela azalduz astean zehar entrenatzen ez zutenak, baina bulegora deitu eta asteburuan programatzen zituztenak. Nik aldiz, ez nuen entrenamendurik galtzen eta zenbait asteburutan, jokatu gabe. Atzera begiratuta, nire aldetik zenbait erabaki aldatuko nituzke, baina horren kirol bakartia da... Giro hori ezagutzen duen norbaitek hasieratik gidatuko banindu, kontratuak lotzen, prestaketan, elikaduran, zenbait erabaki hartzen... hobeto ariko nintzateke, baina ez dago atzera bueltarik. 

Afizionatuetan hasi zinen berehala.
Halako egurkadaren ondoren, pilota uzten dute askok, baina pilota oso gustuko dudanez, Irurtzungo fitxarekin afizionatuetan segitu nuen, gaur egunera arte. 

Erreferente handia izan zara afizionatuetan; garaipen handiak dituzu.
Afizionatuetan ongi aritzeko prestaketa handia behar da, eta lehiakorra naizenez, beti ongi prestatuta egoten saiatu izan naiz. 27 urte nituen, maila onean nengoen, eta final ia guztietan sartzen nintzen. Partida asko jokatzen nituen, eta berriro pilotan disfrutatzen hasi nintzen. Mekatronika ikasketekin, lanean hasi nintzen, baina pilotarekin ongi uztartu izan dut. 

2014an Munduko Txapelketako Buruz Burukoa irabazi zenuen Mexikon, Momo Medinari irabazita. Zure lorpen kuttunenetakoa al da?
Ez, beste asko egon dira. Mundiala zelako, Mexikon jokatu zelako eta Momo Medina oso ongi ari zelako agian aipatzen da gehiago, eta 3000 metroko altueran jokatzeko handicap-a zuelako, baina 2018an Bartzelonan jokatutako Mundialean ere Buruz Buruko txapelduna izan nintzen. Bestalde, profesionaletatik atera berri Uharteko Lau eta Erdia irabazi nuen, bi aldiz irabazi dut txapelketa hori, eta Elkar Pilota txapelketako finala irabazi nion Lasori. GRAVNI-ak irabazi ditut, Nafarroako Txapelketa eta beste.

Irurtzun klubarekin, talde gisa, lorpen handiak dituzu.
Bai. Espainiako Kluben Arteko Txapelketa irabazi genuen, Binakakoa, Iosu Bergerarekin. Euskal Herriko Kluben Arteko Txapelketa uste dut bitan irabazi genuela, eta iaz, 2025ean, Nafarroako Herrien Arteko Txapelketa irabazi genuen. 19 urte nituela Irurtzunekin Herrien Arteko finala jokatu nuen; Lizarraren kontra galdu egin genuen, baina 20 urte geroago, iaz, bigarren finalean Leitzari irabazi genion. Bizitzaren kasualitateak. 

40 urterekin, eta gorenean, bazoaz. Garaia al zen?
Bizitzaren faseak dira. Garfen ere urte batez aritu nintzen, baina orduan zuten politika ez nuen gustuko, eta Irurtzun klubean jarraitu dut beti. Lehiakorra naiz, lehiatzea gustuko dut eta azkenaldian ez didate txapelketa askotan jarri. Entrenatzeko erronka baten beharra dut, txapelketa bat, eta horren faltan, nahiago uztea. Hala ere, egunen batean iritsi beharra zuen. 

Pilotari bizitza erdia eskaini diozu. Merezi izan al du?
Noski merezi izan duela. Kirol batean aritzean asko ikasten duzu: zure burua gehiago zaintzea, sakrifizioa eta konpromisoa lantzea, jendearekin harremantzea... Jende asko ezagutu dut, pilotari asko, Nafarroako herri gehienak, lagunak egin ditut, bi Mundialetan parte hartu dut, horietako bat Mexikon, Asperekin Californiara joan nintzen... Kirolarekin asko ikasten duzu, munduan zentratzen laguntzen dizu. Gazte guztiek kirolaren bat egin beharko lukete. 

Pilotari lotuta jarraituko al duzu?
Etorkizunean nork daki, baina une honetan pilotatik aldentzeko beharra dut, deskonektatzeko eta airea hartzeko. Bizitza guztia daramat kirola egiten, behar hori dut, eta orain gimnasioan, bizikletan eta mendian aritzeko asmoa dut. 

Agur ederra Satrustegiko festetan
Irurtzungo festetan omenaldia egin zioten Alberto Ongayri. Irurtzun pilota klubak antolatu zuen, eta klubeko pilotari guztiak batu ziren omenaldira. Bere azkeneko partida, ordea, jaioterrian jokatu nahi izan zuen Ongayk, Satrustegiko festetan. Abuztuaren 14an izan zen, eta omenaldi ederra prestatu zioten herritarrek. Ongayk suziria jaurti, eta ondoren pasilloa egin zioten, pilota partida, txapela oparitu... "Oso omenaldi polita izan zen. Txapela berezia oparitu zidaten, ohikoetatik ezberdina. Ilusio handiz hartu zuen. 50 biztanle gara, eta gehienak bildu ziren. Plazatik frontoiraino pasilloa egin zidaten. Iosu Bergerak, Adrian Azpirozek, Aaron Arbizuk... urte luzez bikote izan ditudan kideek agurrean egon nahi izan zuten, baina Garferekin partidak zituzten eta ezin izan ziren etorri. Salaberria anai bikien atzelariekin osatu nuen bikotea, Salaberria aurrelariaren eta Jon Lazkoz arbizuarraren kontra aritzeko. Oso partida polita atera zen, 22-20 irabazi genuen" du gogoan. Familiarekin eta herritar guztiekin argazkia atera, eta festa giro alaian ospatu zuen agurra.