Donibane jubilatu elkarteko zenbait kidek agorrilean ez dute aspertzeko betarik izan. Aspalditik zekiten San Bizenteri eskainitako ermita egoera kaxkarrean zegoela. Baselizaren ondoko pago baten adarra erori eta teiladuraren zati bat hautsi zuen eraikinaren teilatuko bi isurietako batean, ipar-mendebaldekoan zehazki.
Kaltea handiagoa izan baino lehen lanean hastea erabaki zuten jubilatuek. Horretarako Uharte Arakilgo Udalaren laguntza izan zuen. Hark materiala eman zien eta jubilatu taldeari gainontzekoa egitea egokitu zitzaion. Apaizak, zer gerta ere, asegurua egin zuen. Aurretik halako lanetan badu jubilatu elkarteak esperientzia, Santa Luzia ermita konpondu eta Zamartze ondoan agertu zen larraina agerian utzi baitzuten.
Lanak
Agorrilaren 20an joan ziren ermitara lanei ekiteko, baina aste hartan botatako euriak ez zien aurreratzen utzi. Eguraldia lagun Andia magalean hilaren 27tik 31ra ibili dira ermita konpontzeko lanetan, 08:00etatik 15:00etara aritu ziren lanean egunero. Gosaria elkarteak berak jarri zuen.
Hasierako asmoa ez bazen ere, hautsitako zatiaz gain teiladura guztia konpondu dute. Horretarako teila guztiak kendu, latak ongi kokatu, teilapeko isolatzailea jarri eta teilak kokatu zituzten. Baziren 25 urte teiladura azken aldiz konpondu zutela eta itajura asko zeuden. Horretaz gain, teilatuaren hegoaldeko isurian bi argi-zulo zabaldu dituzte, eraikinak beharrezko argi guztia izateko. Gainera, ermitako paretak sendotu egin dituzte zenbait tokitan. Barruan, jasotako baldosak ongi jarrita eta guztia garbi-garbi utzi dute. Eta kanpoan, eraikinaren ipar eta hegoaldean, zenbait zuhaitz moztu eta plaza modukoak egin dituzte.
San Bizente ermitan egindako lana nahikoa ez eta agorrilaren 31n Uharteko dozena bat jubilatu San Bartolome ermitara joan zen. Hau ere Andia mendiaren magalean dago. Teiladuran zeudem orbel eta adaxkak kendu, garbitu eta argi-zulo bat zabaldu zuten. Hurrengo urteko agorrilaren 24ko uhartearren bisitarako ermitak argitasun gehiago izanen du. Bestalde, Donibane jubilatu elkartearen asmoa da herriko ondarearen kontserbazioan lanean jarraitzea.
Langileak
Donibane jubilatu elkarteko kideak, 59 eta 77 urte artekoak, eta apaiza izan dira ermita konpontzeko lanean. Konponketa lanetan parte hartu dutenen artean txikitan ermitan meza-lagun aritutako gizona ere izan zen. Hona lanean aritu zirenak: Manolo Gorriti Bikondo, Felix Goikoetxea, Javier Irigoien Gorriti, Miguel Betelu Aldaz, Ricardo Uharte Sarasa, Jose Bedaio Ruiz de Egilaz, Jose Uharte Elordi, Emilio Urdiain Mendoza, Jose Mari Gorriti Arraiza, Eduardo Gonzalo Ventosa, Peio Gorriti Gorriti, Vicente Aragon Garziandia, Ignazio Madinabeitia Aiaga eta Jose Uharte Uharte.
Ermita
San Bizente ermita Andia mendiaren magalean dago. Sainduaren irudia, ordea, elizan dago. 17,5 metro luze eta 5,3 metro zabal da ermita. Horma sendoak ditu eta iparraldera ematen duen paretan dago atea. Alde horretan leihotxo bat du eta beste 3 hegoaldekoan. Badira 45 bat urte ez dela erromeriarik egiten. Mikel Larrambebere Zabala apaizaren asmoa da San Migel festen aurretik ohitura hura berreskuratzea.
Atzera begira
Tokitan dago Uharteko San Bizente ermita. Inguru haietan herri bat izan zela gogoratze hutsak zer pentsatu ematen du. Barranca-Burunda liburuko Uharte Arakil sarreran hala jasotzen da. Rafael Carasatorre historialariak bere liburu eder horretan dioenez, ez dago jakiterik Uharten zeuden 13 edo 15 despopulatuetako edo herri hustuetako zeinetako eliza zen San Bizente. Okue aipatzen du, nahiz eta herri hura ekialderago izanen zela pentsatzen duen.
Liburu berean jasotzen denez, 1709an Uharte Arakilen hainbat ermita zeuden, baina guztietan “berezia San Bizente patroiarena” omen zen. “Betidanik” izan omen zuen ermitak ermitaua. Baina postua hutsik zegoen eta urte hartan Juanes de La Piedra izendatu zuten kargu horretarako. Aipatu gizona Uharteko eskolako irakaslea zen eta bere egiteko bat zen 7 eta 11 urte arteko haur uhartearrei irakurtzen eta idazten irakastea.