Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean goizeko 9:00etan abiatuko dira txirrindulariak Irurtzundik eta 39 kilometro inguruko ibilbidea egin ostean Altsasuko Foruen plazan amaituko Sakanako udazkenaz gozatzeko aukera emanen duen ibilbidea. Aurreikuspenen arabera, 13:00etarako iritsiko dira txirrindulariak helmugara. Atseden hartu eta hamaiketakoa egiteko aukera erdibidean, Lakuntzan, izanen da. Txirrindula egunean 10 urtetik gorakoek har dezakete parte, eta ibilaldi ez lehiakorra da. Ezaugarri horiek kontuan hartuta proba erraza jotzen da, erritmoa motela eta jai girokoa izan ohi baita. Egitasmoan parte hartu ahal izateko izena emanda eduki beharko da eta hori egiteko epea lastailaren 10ean, asteazkenean, amaitu zen. Parte hartzaileek mendiko txirrindula eramateaz gain, ogitartekoa eta kaskoa, derrigor, eman beharko dute.Autobus zerbitzuaAutobus eta kamioi zerbitzua izanen da, txirrindulariak eta euren bizikletak norberaren herrian jaso eta eguna bukatzerakoan atzera ere bizilekuetara bueltatzeko. Zerbitzu horretaz baliatu ahal izateko, beharrezkoa izanen da aldez aurretik probarako izena emanda edukitzea. Goizeko 7:45ean aterako dira Ziorditik kamioia eta autobusa. Sakanako herrietan geldialdiak eginen dira txirrindulariak Irurtzuneraino heldu arte. Proba bukatzerakoan alderantzizko ibilbidea eginen dute ibilgailuek. Txirrindularien atzetik DYA, foruzainak, mekanikoa eta autobusa izanen dira, gerta daitekeen edozein arazo konpontzeko. Proba ez lehiakorra Altsasun despeditu eta gero parte hartzaile guztiei freskagarria eta oroigarri bat emanen zaie.ZergatiaTxirrindula egunaren asmo nagusiena Sakana zeharkatuz goiz eder bat pasatzea da eta, bide batez, ibarreko herriak eta paisaiak ezagutzeko aukera eskaintzea, herri guztietan sartuko baitira txirrindulariak. Horrekin batera, sakandarren arteko harremanak sustatu nahi dira. Horretaz gain, egitasmoa bailaratik kanpo zabaldu eta Sakanaz kanpoko beste txirrindulariei ere helarazi nahi zaie partehartzeko gonbitea. Iaz 500 txirrindulari inguruk hartu zuten parte, gehienak sakandarrak, eta aurten, eguraldiak proba baldintzatu dezakeen arren, gutxienez 400 txirrindulari espero dituzte antolatzaileek.Antolakuntza Lan horietan Sakanako Mankomunitateak, Aralar Txirrindulari Taldearen eta Burunda Txirrindulari Taldeak DYAren laguntza izanen du. Baita Irurtzungo eta Altsasuko udalena, Guaixe astekariarena, Beleixe Irratiarena eta Nafarroako Kirol Institutuarena ere. Sakanako Txirrindula Eguna prestatzeak 7.000 euroko aurrekontua du. Baina "ordaindu ez daitekeen lana ere egiten dute ikastetxeek, kirol dendek, norbanakoek eta beste" antolatzaileen esanetan.