Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako AHT gelditu! elkarlana taldeko kideek adierazi zutenez, "ezarritako proiektu baten aurrean gaudela salatzeko hainbat ekitaldi antolatu ditugu". Taldearen asmoa da programatutako jarduera horien bidez, "proiektu honek ekonomikoki, sozialki eta inguruneari dakarzkion ondorioen inguruko sentsibilizazioa sustatuko dugu". Horrekin batera, AHT gelditu! elkarlanaren asmoa da baita ere "abiadura handiko trenaren egitasmoak herritarren benetako beharrei zeinen gutxi lagunduko dien arrazoitzea". Horrekin batera, salatu zuten "AHT-ren trenbidearen ondoan bizi diren herritarren osasunerako dakartzan eragin larriak, tren honek sortzen dituen zarata eta elektromagnetismoagatik". JardunaldiakSakanako AHT gelditu! Elkarlanak antolatutako aurreneko jardunaldia larunbatean izanen da Arbizun. Auzatearekin abiatuko da jardunaldia. Ondoren, kartel erraldoi batean leloak eta marrazkiak eginen dira, gerora mural bat egiteko. Eskulanak alde batera utzi ondoren, ETB2ko saio batean AHT-ren aurkariek eta aldekoek izan zuten eztabaidaren bideoa ikusteko aukera izanen dute interesatuek. Horretaz gain, AHT-ren inguruko galdera lehiaketa izanen da. Telebista saioaren ondoren bazkaltzera bilduko dira guztiak. Bazkalondoan Arbizu guztira zabalduko dute AHT egitasmoaren aurkako jarrera. Horretarako kalejiran ibiliko dira eta haren baitan parodia eta guzti izanen da. Hura despeditu eta gero gaiaren inguruko hitzaldia izanen da. Triki-poteoak eta gaueko kontzertuak itxiko dute larunbatean Arbizun eginen den jardunaldiaren egitaraua. GehiagoArbizuko larunbateko jardunaldiari Irurtzunek hartuko dio lekukoa. AHT gelditu! elkarlanak egun guztiko egitarau zabala prestatu du azaroaren 3rako, Pikurock jaialdiarekin despedituko dena. Azaroaren 24an, berriz, Izurdiaga eta Uharte Arakil arteko ibilaldia antolatu du taldeak. Taldeko kideek larunbatean adierazi zutenez, "martxaren helburua AHT-k zuzenki eraginen dituen gure bailarako txoko eta bazterrak ezagutu eta hauekiko sentsibilizazioa lortzea da. Honetarako, behar diren geldialdi guziak eginen dira eta herritarrek beren iritzia emateko aukera izanen dute". Prentsaurrekoa emateko Zamartze horregatik aukeratu zuten, "Sakanan dagoen gunerik estuena delako eta baselizak ere eragina izanen duelako". Bukatzeko sakandarrak antolatutako jardueratan parte hartzera gonbidatu zituzten.