Burunda Txirrindularitza Taldeak despeditu du urtea

Guaixe 2007ko abenduaren 18a

Garaipenak zenbakitanPablo Jimenez Elvirak, taldeko lehendakariak, aurten erdietsitako garaipenak aipatu zituen. Eskola mailan linea probatan 40 garaipen lortu ditu taldeak eta Ginkanan 13 proba irabazi dira. Kadete mailako txirrindulariak 27 lasterketatan lehiatu dira, 3 garaipen lortu dituzte, kirol jokotako mendi sailkapenean lehenak izan dira eta bi txirrindulari Espainiako errepide nahiz pista txapelketetan lehiatzeko izan dira hautatuak. Gazteen mailari dagokionean, 42 lasterketatan aritu dira, horietatik 2 irabazi eta 6 bigarren postu erdietsi ditu taldeak. Garaipen horien artean Gipuzkoako Itzuliaren sailkapen nagusiko lehen postua azpimarratu zuen Jimenezek. Maila horretan ere, Espainiako errepide nahiz pista txapelketetan parte hartzeko Burundako txirrindulariak izan ziren hautatuak. Profesionaletara jauziaAfizionatuen Rural Kutxako taldeko zuzendari Juan Manuel Hernándezek denboraldiaren balantze positiboa egin zuen. Mikel Nievek Balenciaga Txapelketa ezagunean erdietsitako 13 garaipen indibidualak azpimarratu zituen. Horretaz gain, 16 bigarren postu eta 18 hirugarren postu ere lortu ditu Burunda Txirrindulari Taldeak. Ekipoka 10 lasterketa irabazi ditu talde sakandarrak eta Espainiako Txirrindula Federazioako banakako rankinean 3. postuan amaitu du Mikel Nieverekin. Beste urte batez, hainbat txirrindularik ibilbide profesionalerako jauzia emanen dute Burundatik: Delio Fernandez Karpin taldera joanen da, Mikel Nieve eta Daniel Sesma Orbeara eta Jose Vicente Toribio Viña Magna Burgoseko ekipora. Diru kontuakBatza orokorrean Alejandro Hernández diruzainak adierazi zuenez urtea 1.702 eurotako galerekin itxi du taldeak. 32.747 eurotako sarrerak eta 34.449 eurotako galerak izan ditu taldeak. Gastuen artean ibilgailu berri batean erosketa azpimarratu zen. Kontu horiek, hala ere, eskola eta gazte mailei dagokienak dira.