Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Guztia Iñigo (ahotsa) gitarra jotzen ikasten hastearekin hasi zen. 2 abesti prestatu zituen eta haiek konpontzeko Boti hots egin zuen. Hark J. Morci (baxua) liatu zuen kantuen konponketan eta, gainera, joan egin behar izan zuen. Iñigo eta J. Morciri pixkanaka taldekideak batzen joan zitzaizkien: Morci (gitarra klasikoa), Jorge Cordon (pianoa), Botxan (gitarra elektrikoa) eta iaz Mallorkatik Altsasura oporretan Olentzero ezagutzera etorri zen musikari bat, Luis Drac (perkusioa). Hasieran etxe batean entseatzen zuten, baina dagoeneko badute lokala. Pilotazale amorratua den taldekide batek, Iñigok, bataiatu zuen taldea eta iaztik haien musikan lanean ari dira. Taldekide guztiek parte hartzen dute sortze prozesuan eta batek entsegu lokalera eramaten duen doinuaren gainean sortzen dituzte abestiak. Testuak idaztera ere guztiak animatzen dira. Arrebote taldeko kideak eskarmentuko musikariak dira. Haietako batzuk rock taldetan aritu dira eta hori nabari da egiten duten runba burundarrean. MaketaAzkar asko sortu zituzten doinu batzuk eta udaberrian maketa grabatzea erabaki zuten. Irurtzungo DB audiovisual estudioan grabatu zuten maketa, Jorge Cordon eta Ioio-io teknikariekin. Maketan 5 abesti eta Ioio-iok egindako nahasketa bat jasotzen dira. Grabatutakoaren mila kopia egin zituzten, baina garraio enpresak galdu egin zituen eta berriro egitera bidali behar izan zuten. Hortik maketa esperientzia "traumatikoa" izatearena. Izan ere, galtze horrek maketa berandu ateratzea ekarri du. Lastailean, Altsasuko gaztetxearen urteurrenean jo zuen estreinakoz jendaurrean Arrebotek. Orduan haiek egindako kopiak saldu zituzten. Kopia haietako bat eskuratu dutenek Lurrazpi tabernatik pasa eta maketagatik trukatzeko aukera dute orain. Bestela, maketa ohiko tokietan 5 eurotan salgai dago. Arrebotekoak artista hutsak direnez Altsasuko beste artista bati, Elena Verari, eskatu zioten maketaren azala eta hura bilduko zuen karpetaren diseinua. J. Morcik esan digunez, "maketa azalaren diseinua eta kontzeptu bera oso polita eta erakargarria da". Sormena Taldeak bitartean entseatzen jarraitu du eta bere estiloa garatu du. Gitarra elektrikoa gehiago entzuten dela esan digu Luisek. Entseguek estiloa borobiltzea ekarri omen die. Dagoeneko, 14 bat kanta dituzte, J. Morcik argitu digunez, "ez dugu arinkeriez hitz egiten. Maitasunari, gaztetxeari, bizitzako galtzaileei kantatzen diegu. Aldarrikapenek eta umoreak ere badute tokia". Haien kantuez gain, Stupenda Jones, Los del Rayo, Ramones edo Kiko Venenoren bertsioak jotzen dituzte. J. Morcik esan digunez, "ongi pasatzen dugu klasiko horiek runbara pasatzen". Dagoeneko diskoa grabatzeko ideia ere buruan badarabilte. Hori auto-produkzioaren bidetik etorriko dela aitortu digute Arrebotek 3 kontzertu eman ditu orain arte. Eskarmentuko musikariak badira ere oholtzan haien tokia bilatzen ari dira. Runba burundarra nolakoa den jakin nahi duenak, gaur, ostirala, 23:30ean Irurtzungo Pikuxar tabernan du horretarako aukera. Hortxe, "fiestarako" gonbitea.