Abuztuaren 31n izanen da 41. Artzai Eguna

Guaixe 2008ko martxoaren 4a

Uharte Arakilgo Aralar Mendi elkarteak gutun bidez adierazi du aurten abuztuaren 31n ospatuko dela Artzai Egunaren 41. edizioa. Urtero moduan artzainei, ardiei, artzain txakurrei eta gaztei lotutako makina bat erakusketa, lehiaketa eta enkante izanen dira, primerako giroan. Antolakuntzatik hurrengo lehiaketa nabarmendu nahi dute: Nafarroako ardi latxaren XXV. erakusketa eta esne-ekoizpen lehiaketa. "Hau da bertako ardi latxaren txapelketarik garrantzitsuena" adierazi dute Aralar Mendi elkartekoek, "txapelketa horrek erakusten baitu ardi arraza latxaren genetika hobetzen doan eta latxa ardiaren esne produkzioaren errendimenduan aurrerapenik dagoen". Aralar Mendi elkarteak bertakoa den ardi latxa babestu behar dela azpimarratu nahi du.