Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Frontis enpresa izanen da 2008ko Nafarroako lau t´erdiko pilota txapelketan parte hartuko duen enpresa bakarra, Aspe eta Asegarcek Nafarroako Pilota Federazioaren gonbidapenari ezetz esan eta Egursport kalean geratu eta gero. Hala ere ez da maila handieneko pilotaririk gabe geratuko txapelketa. Bertan izanen da, besteak beste, Jorge Nagore irurtzundarra, lau txapelekin txapelketa hau aldi gehien irabazi duen pilotaria. Jon Gorriti ere bertan izanen da.12 pilotari lehiatuko dira, bi multzotan. Datorren igandean, ekainaren 22an, 18:00etan emanen diote hasiera txapelketari, Etxarri Aranazko Euskal Herriari pilotalekuan. Pilota jaialdia zabaltzeko, adiskede arteko partidan, Amarika eta Arretxek bikotea osatuko dute, Bengoetxea VII.ari eta Altunari aurre egiteko. Ondoren, txapelketako final zortzirenetako lehen partidan, Jon Gorriti uhartearrak Camarero II.a arerio latza izanen du aurrez aurre. Partida irabazten duenak final laurdenetan Jorge Nagore izanen du zain, ekainaren 28an Arbizun jokatuko den lehian. Txapelketako finala San Ferminetan jokatuko da, uztailaren 13an Labriten.