Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Festa giroan murgilduta, Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekuak IV. San Juan pilota txapelketako finalak hartu zituen igandean. Aurten 110 bikote lehiatu dira aipatu txapelketan, benjaminen, kimuen, haurren eta afizionatuen mailatan, txapelketak duen arrakastaren isla. Txapelketan maila handiko partidetaz gozatzeko aukera izan da, baina akaso finalak, urduritasuna dela medio, ez ziren horren ikusgarriak izan. Nolanahi ere pilotazaleek kalitate handiko jokaldiak ikusteko aukera izan zuten eta pozik atera ziren Larrabietatik. Antolatzaileak ere kontentu zeuden txapelketak izandako arrakastarekin.Garaipen sendoakBenjaminetan Aguraingo Mtz de Albeniz eta Garciak jantzi zuten txapela, Navarro eta Zubiriari uhartearrei 18-10 irabazi eta gero. Kimuetan Gurrutxarri eta Bakaikoak (Arbizu) lortu zuten garaipena, Uharte Arakilgo Uharte eta Beraza 18-4 menpean hartuta. Haurren bigarren mailan Leitzako Sagastibeltza eta Onsalorentzat izan zen txapela, Mendinueta eta Arnatzi (Arbizu) 18-7 irabazita. Bigarren mailako haurren mailan, Oberenako Jaurena eta Cordon izan ziren garaileak, Olano (Leitza) eta Anduezari (Uharte Arakil) 18-8 gailenduta. Eta afizionatuen, lehen mailako final handian, Zugarralde taldeko Iraola eta Landiribarrek jantzi zuten txapela preziatua, Gorriti eta Razkin uhartearrak 22-9 irabazita. Sari emate ekitaldian Nafarroako Pilota Federazioko presidente Migel Pozueta, Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Angel Zubiria, Uharteko Udaleko alkate Joaquin Maria Lakuntza eta Martin Iribarren eta Manuel Goikoetxea zinegotziak, Aralar Mendiko presidente Ana Maria Barandarain, Argi garraioen ordezkari Clemente Berastegi eta hainbat pilota kluben ordezkariak izan ziren. Afizionatu mailako Iraola eta Landiribarrek 1.000 euro eta txapelak jaso zituzten, eta Gorritik eta Razkinek 800 euro eta trofeoak. Kategoria txikiko irabazleek txapelak eta txapeldunordeek trofeoak jaso zituzten. Ekitaldia borobiltzeko Aralar Mendi elkarteko afarian bildu ziren denak.