Motorrak gurean zale asko dituela ez dago esan beharrik. Urriaren 12an Uharte Arakilen cross-country lasterketa antolatu zuten Ziki-Team motoklubeko kideek. Cross-country motoziklismoaren modalitate bat da, enduro eta motocrossaren arteko nahasketa bat. Zirkuitu itxi batean egiten da baina ibilbidea motocrossarena baino luzeagoa da. Iraupen proba, finean. Bada, parte hartu zuten 38 motoristen artean 7 sakandarrak ziren: Asier Vegas Zelaia (Altsasu), David Beraza Vitoria (Irañeta), Iñaki Mujika Izagirre (Altsasu), Joseba Ulaiar Polido (Uharte Arakil), Jose Mari Martinez Perez (Etxarri Aranatz), Unai Mujika Salgado (Altsasu) eta Iñigo Lizarraga Razkin. Uharte Arakilgo cross-country lasterketa Nafarroako Txapelketarako eta Zona Norte txapelketarako baliagarria zen. Zona Norte txapelketan Euskal Herriko, Errioxako eta Kantabriako pilotuek hartzen dute parte. Gure pilotuek lan bikaina egin zuten. E1 junior mailan Unai Mujika altsasuarrak irabazi zuen, eta Jose Mari Martinez Perez etxarriarra hirugarren sailkatu zen. E1 senior mailan, aldiz, Francisco Javier Azanzarendako izan zen garaipena. E2 junior mailan Iñaki Iturbe izan zen azkarrena. Bigarrena David Beraza irintarra izan zen, zortzigarrena Joseba Ulaiar uhartearra, bederatzigarrena Asier Vegas altsasuarra eta hamaikagarrena Iñigo Lizarraga. Bukatzeko, E2 senior mailan Luis Andres Ayensa gailendu zen. Iñaki Mujika hirugarrena heldu zen helmugara. Uhartekoaz gain, Olaztin eta Irañetan antolatu dituzte lasterketak Ziki-Team taldekoek.