Rocka AHT egitasmoa gelditzea eskatzeko

Guaixe 2008ko azaroaren 28a

GeldiROCK kanpainaren menuko plater nagusiaren garaia iritsi da: bihar Uharte Arakilgo Larrabieta pilotalekuak hartuko duen rock jaialdia. Sakana eta Leitzako 11 gazte asanbladek antolatu eta Sakanako AHT Gelditu! Elkarlanak koordinatutako kanpaina da hori.Irailetik abendura bitartean hamalau kontzertu antolatu dira GeldiROCK egitarauaren barruan. Abiadura handiko trenaren (AHT) kontrako "udazken musikal eta aldarrikatzailea" izan nahi du kanpainak. Bere bidez "musikaz gozatzeaz gain, AHTren inposaketa, suntsiketa eta azpiegitura honen inguruko beharrik ez dugula" adierazi nahi dute antolatzaileek.  JaialdiaDoinuak Uharte Arakilez 19:30etik aurrera jabetuko dira, Eztanda Batukadak bere erritmoak zabaltzearekin batera. Musika jaialdia 21:00etan hasiko da. Oholtzara Stupenda Jones, Gatibu, Betagarri, Reincidentes eta Jota Hanka taldeak igoko dira. Hori gutxi balitz, antolatzaileek karpa jarriko dute eta han disc jockey saioa izanen da. Uharterako joan-etorria erosotasunez egin nahi duenarendako Jai busa izanen da. Uharte Arakilgo jaialdiaren ondoren GeldiROCK kanpainako hurrengo kontzertua Etxarri Aranatzen izanen da. Abenduaren 13an, larunbatarekin, Egurre eta Makarrada taldeak ariko dira. Aurretik Altsasu eta Etxarri artean mendi ibilaldia eta manifestazioa antolatu dituzte.