Udalak egin beharreko inbertsioak zehaztu ditu

Guaixe 2008ko abe. 22a, 00:00

Nafarroako Gobernuaren diru-laguntzen bidez herria zeharkatzen duen zeharbidea egokitu nahi du Uharte Arakilgo Udalak. Garai batean errepidea zena gaur egun herriaren zati da, Geltoki kalea. Hala ere, haren jabetza Herri Lan Departamentuarena da. Lana departamentuarekin batera elkarlanean egin nahi du udalak. Azpiegiturak berritzearekin batera, espaloiak ere egin nahi ditu udalak, "oinezkoendako arriskua kentzeko". Zeharbidearen beste zatia, Itxesia auzotik autobiarantz doana ere egokitu nahi du Uharte Arakilgo Udalak. Gaur egun Itxesia auzotik autobiarantz jotzeko 90 graduko bgiratu behar da. Bihurgunea leuntzeko asmoz Uharte Arakilgo Udalak urtetan mojek erabilitako eraikinaren lursailaren zati bat erabili nahi du, kalea zabaldu ahal izateko. Azkenik, Nafarroako Gobernuaren laguntzekin udaletxearen goiko ganbara egokitzeko asmoa azaldu du Uharte Arakilgo Udalak. EstatukoakEspainiako Gobernuaren Enplegurako Toki Inbertsioaren Estatu Funtsaren bidez Uharte Arakilek, gehienez ere, 136.989 euro jasoko ditu. Udalak diru hori herri kirol parkearen eta igerilekuetarako tabernako sarbideak txukuntzeko erabili nahi ditu. Bestalde, lehen aipatutako mojek erabilitako eraikinari erabilera dotazionala eman nahi dio udalak, baina oraindik ez du zehaztu zer. Horretaz gain, Uharte Arakilgo Udalak azken bilkuran erabaki zuen hilerriaren erabilera arautuko duen ordenantza idaztea. Onartu zen bestea udal zergak heldu den urterako %2,1 igotzea izan zen. ArmarriaUdaletxeak dagoeneko badu armarria. Eraikina berritu zenetik paretan hutsunea zegoen. Udalak erabaki zuen armarria ez jartzea egoera txarrean zegoelako. Haren ordezkoa Lekarozko hargin bati egiteko enkargatzekotan egon zen udala, baina asmoa aldatu egin zen. Manuel Goikoetxea zinegotziak Aralarren, Urdenatsen, armarria egiteko harri egokia opatu zuen. Harria armarri bihurtzeko lana Tomas Ugartemendia eskultore gipuzkoarrak hartu zuen eta pasa den astetik udaletxeko fatxadan dago ikusgai. Armarriaren kokatzea ospatzeko igande eguerdian ekitaldia egin zen. Apaizak bedeinkatu egin zuen. Erraldoi eta buruhandien konpartsak ere parte hartu zuen eta, bukatzeko, bildutako herritar guztiendako auzatea eskaini zuen Uharte Arakilgo Udalak.